Estatu osoko proiektuei zabalduko zaie ZINEBI jaialdiko foro profesionala
Dokumentalgintza sustatzen duen egitasmoaren bosgarren edizioan parte hartu nahi duten proiektuek irailaren 29ra arte eman dezakete izena
Lunes, 22 de agosto 2022, 14:21
ZINEBI-Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak 'ZINEBI Networking: Dokumentalen sorgunea' izeneko Bilboko Dokumental Zinemaren Foro Profesionalaren bosgarren deialdia abiarazi du. Foro horren bidez, ikus-entzunezkoen produkzioa sustatu nahi da, zinema dokumentalaren eremuan. Aurten, ZINEBI jaialdiaren 64. edizioaren barruan egingo da, hau da, azaroaren 14tik 18ra bitartean. Gainera, bere jardun-eremua zabaldu egingo du, Estatu osoko proiektu berriei ere egingo baitie leku.
Publicidad
Irailaren 29ra arte dago zabalik film dokumental luzeen proiektuak aurkezteko epea. Aurkeztu nahi diren proiektuek nahiko aurreratuta egon behar dute, edo dagoeneko produzitzen, eta, haien artean hautatuko ditu profesionalek eta adituek eratuko duten hautaketa-batzorde batek, ZINEBIren zuzendaritzarekin batera, Foroan parte hartuko duten proiektuak. Batzorde horrek baloratu egingo du asmoa, proposamen estetikoa, eta proiektu bakoitza produzitzeko bideragarritasuna eta aukerak.
Hautatutako proiektuek, hala, «bakoitzarendako egokitutako tutoretza-saio batzuetan parte hartuko dute, jendaurrean aurkeztu aurretik. Ondoren, aholkularitzarako aurrez aurreko bilerak egingo dituzte produktoreek eta parte hartzaileek». Iazko edizioan irabazle izan zen proiektua 'A los libros y a las mujeres canto' izan zen, Txintxua Films gipuzkoar konpainiak ekoitzia eta Maria Elorza zuzendariak zuzendua. Donostia Zinemaldian estreinatuko da, New Directors sailean.
Aurten, lehenengoz, bi sari emango dira Foroan, 10.000 eurokoa bakoitza: biak ere Jaialdiaren amaierako galan emango dira, azaroaren 18an, Arriaga Antzokian. 'ZINEBI Networking: Dokumentalen sorgunea' izeneko saria, Euskal Autonomia Erkidegoko proiekturik onenarendako, 10.000 eurokoa da, eta EITBren laguntasuna du. Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo produzitutako proiekturik onenak, bestalde, beste sari bat jasoko du, 10.000 eurokoa.
Jaialdia antolatzen duen Bilboko Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, foro honen bitartez «ZINEBI jaialdiak eutsi egiten dio bere konpromisoari, alegia, dokumental proiektu beregainak sortzen eta garatzen laguntzea, zinemagileendako guneak eratzea sormenerako, gogoetarako, aholkularitzarako eta zinemagileak sustatzeko, eta elkarretaratzeak eragitea sortzaileen, produktoreen, erakundeen eta zinemagintzako produkzioa laguntzen duten sektoreko gainerako eragileen artean, eta enpresen eta profesionalen belaunaldi berrien nazioarteko proiekzioa sustatzea». Foroaren asmoa da, azken batean, «profesional eta adituek beren aholkua eman ahal izan diezaieten parte hartzaileei, proiektuak arrakastaz garatu eta produzitzeko moduaz».
Publicidad
ZINEBIk Euskal Produktoreen Elkartearekin (EPE-APV) batera antolatzen du foroa, eta badu ICAA-Zinematografiaren eta Ikus-entzunezkoen Arteen Institutuaren, Europar Batasuna–NextGenerationEU funtsen eta EITB MEDIA S.A.U. (EITB), Zineuskadi eta Europa Creative Desk Media Euskadi entitateen laguntza ekonomikoa.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión