Borrar
Jurassic Park-World-Dominion

Basahuntza gainean dinosauroen 'dominion'-an

Ez dizuet spoilerrik egingo baina bai galdera bat luzatuko: ba al da azkarrago, altuago, barrurago, gorago, beherago eta abilago ibil daitekeen izakirik motordun basahuntza baino?

Begoña del Teso

San Sebastián

Igandea, 19 ekaina 2022, 12:54

Comenta

'Jurassic Park-World-Dominion'-en seigarrenez ari garela, bada bertan, dinosauroen omenez, ohorez, begirune handiz egindako, filmatutako, klonatutako 146 minutu horietan, erreparatzeko puntu garrantzi bereziko bat.

Ez naiz, ez, sauroen espezie berriez. Badakit ikusgarriak direla. Ikaragarriak. Harrigarriak. Izugarriak. Zoragarriak. Hilgarriak. Badakit espezien klonazioan inoiz baino urrutiago jo izan dutela ekoizleek, gidoigileek, zuzendariak eta kreatura horien artisau sortzaileek; zientzia-oinarri sendoak eta dibulgaziorako sena bikaina dituen 'Auge y caída de los dinosaurios' liburuaren autorea den Steve Brusatte paleontologoaren aholku guztiak jarraituz eta zentzuki onartuz bere gidaritza.

Badakit 8 tona pisatzen zituen 'Gigantosaurus carolini'k, Sir Arthur Conan Doyleren mundu galdu hark ezagutu izan zuen haragijalerik handienak, hots, orain arte gure saurorik preziatuena zen 'Tyranosaurus Rex' erraz eta erruz gainditu duela pantailan. Badakit Lady Gagak berak gustuko jantziko lituzkeen lumak dituen 'Pyroraptor'rek pareko gutxi duela. Badakit Miura batek ere edo 'Casta Navarra'ko zezen batek ere ez dituztela inoiz izango 'Carnotaurusen' adarrak.

Bai, hori guztia badakit baina ez naiz gehiago luzatuko hegazkinik baino handiagoa zen/den 10 metroko hego-zabalerako Quetzalcoatlus bezalako piztia ederrak aipatzen.

Ez. Nik izkribu honetan ahuntza batez nahi dut idatzi. Basahuntza batez, izan ere. 'Montesa 4 Ride' motorraz, hain zuzen ere.

Orain arteko beste 'Jurassic Park' eta 'World' haietan agertzen ziren motoak markaz fuerakoak ziren, bai horixe: 59 zaldiko 'Triumph Scrambler' hura, esateko baina oraingo hori askoz hurbilago dago gugandik Montesa bat delako.

Joan den mendeko Euskal Herrian baldin baziren Eibarko Lambretta, Gasteizko Mobylette eta Lube, gehi Tolosa eta Deba inguruetan kasik eskuz egiten ziren mirari motordun batzuk, gehi, jakina asko, Iparraldeko Velosolex eta Motobecane, Katalunian, garai bertsuetan baziren gurean ere zale amorratu guztien ametsak betetzen zituzten bi marka: Bultaco eta Montesa.

Desagertu ziren biak (kasik) urteetan zehar izandako krisialdiek eramanda. Baina Japoniako motordun 'Gigantosauro' horietako bat den Honda konpainiak berpiztu izan zuen Montesa. Klonatu egin zuen autobideak ez diren kaminoetan barna ibiltzeko betidanik izan zuen abilezia. Klonatu ere basahuntza baten moduan mendian gora, soroetan behera saltoka jarduteko gaitasun/izaera berea. 259 zentimetro kubiko injektatu zion motorrari eta martxan jarri. Planetako harkaitz guztien gainean.

Bagenuen berri. Bagenuen trialeko hainbat munduko txapelketetan ikusia. Bagenekien hor zebilela; ordainpeko errepideetatik urrun beti.

Horra hortxe, bai, 'Cota Montesa 4 Ride' hura baina zelako sorpresa eta plazer gurea pantaila handian ikusterakoan! Eta ez hala moduzko eszena batean. Ez. James Bond azkenak ere gaindituko ez zuen jazarpen sekuentzian baizik. Malta hirian barna. Eskailerak gora eta zabaltzak behera. Zeretik eta norengandik ihes? Ba ez bakarrik usadiozko munstro-kotxeak gidatzen dituzten ohiko gaizkileengandik. Ez, etsaiak hiltzeko, akatzeko, birrintzeko klonatuak izan diren dinosauroengandik eskapatu behar dugu Montesa gainean.

Sauro horien izenik nahi? Atrociraptor, Allosaurus eta Carnotaurus.

Ez dizuet spoilerrik egingo baina bai galdera bat luzatuko: ba al da azkarrago, altuago, barrurago, gorago, beherago eta abilago ibil daitekeen izakirik motordun basahuntza baino?

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Basahuntza gainean dinosauroen 'dominion'-an

Basahuntza gainean dinosauroen 'dominion'-an