«Berrituta eta oparo» dator Durangoko Azokaren 54. edizioa
405 nobedade egongo dira erakusmahai berrituetan, eta 200dik gora ekitaldi izango dira abenduaren 5etik 8ra Azoka osatzen eta aberasten duten guneetan
nerea azurMENDI
Durango
Miércoles, 20 de noviembre 2019, 12:47
Esan ohi da 50 urtetik aurrera ez dagoela aldaketarako eta berrikuntzarako tarte handirik, gaztarokoa baino estuagoa dela betiere, baina Durangoko Azokak badaramatza urte batzuk aurreiritzi hori gezurtatzen. Aurten 54 beteko ditu eta, azoka antolatzen duen Gerediaga Elkarteko presidente Nerea Mujikak abenduaren 5ean hasi eta 8an amaituko den edizioaren aurkezpenean azaldu duenez, «berrituta eta oparo» dator euskal kulturaren hitzordu nagusia.
Publicidad
Aurkezpena Azokaren muina izaten jarraituko duen Landako gunetik hurbil dagoen Bartolome Ertzilla Musika Eskolan egin da. Espazio berri hori baliatu izanak badu zerikusirik Mujikak aipatu dituen berrikuntzekin. «Urteotan handitzen ari da Azoka, eta Durangon zehar zabaltzen. Horren erakusgarri da espazio berri hau», esan du. Aurkezpenaz gain, inaugurazio ekitaldia eta Gogoetaren Plazari dagozkion lau saioak egingo dira musika eskolako areto nagusi ederrean. Gogoetaren Plaza Azokaren ezaugarrietako bat den lankidetzaren adibide ere izango da, Argia aldizkariarekin edota Musika Bulegoarekin batera antolatuko baitira hainbat saio. Musika sortzaileen eta programatzaileen arteko harremanak errazteko sortu den DA! PRO egitasmoa, hain zuzen, gune horretan aurkeztuko da.
Erakusmahai berriak
Aldaketa nagusiak, edo gehien antzemango den aldaketak, Landakoren itxurari eragingo dio, «30 urteren ondoren esakusmahaiak aldatuko baitira», gaurko joera estetikoetara egokituko direlarik. Erosoagoak ere izango dira. Mujikak esan du inoiz baino eskaera gehiago jaso dituztela. Azkenean 264 erakusmahai egongo dira guztira: 240 handi eta 24 txiki. Azkeneko bost edizioetan bezala, autoekoizpenak berariazko tokia izango du, formula honen pean 14 sortzaile bilduko direlarik.
Datuekin jarraituz, 405 nobedade ikusi eta erosi ahal izango dira: 273 liburu, 91 disko, 16 aldizkari, 5 ikus-entzunezko eta 20 bestelakoak. Askok espero duten nobedade bat iaz aurreneko aldiz banatu zen Sormen Bekaren emaitza izango da: AtopiaRPG rol jokoa jasotzen duen liburua. Urte osoan zehar joan dira sare sozialetan-eta pistak zabaltzen, baina Azokaren bigarren egunera arte ez da zehazki jakingo zertan datzan. Saio praktikorik ere izango da. Ekitaldi berean emango da jakitera nork eskuratu duen aurtengo Sormen Beka, musikari lotua.
Musikaren eskutik dator aurtengo beste berritasunetako bat: Spotify-ko erreprodukzio zerrenda. Azaroaren 15etik aurrera entzungai da aurten Azokan egongo diren musika-nobedadeak dituen zerrenda. Azokan diskoa aterako duten banden abesti bana agertuko da, eta astez aste joango da berritzen. Bertan talde ezagunak eta sortu berriak agertuko dira, hainbat musika estilorekin: rock, pop, hip-hop, trap, trikitixa...
Publicidad
200dik gora ekitaldi
Durangoko Azoka sormenaren plaza ez ezik euskal kulturaren ekosistema dela frogatzeko -horixe iradokitzen du alegia Oier Zuñigaren kartelak-, iraungo duen egunetan 200 ekitaldi baino gehiago egongo dira, «700 metrotan eta bost minutuko distantzian».
Ekitaldi horietako gehienak hartuko dituzten guneetako ordezkariek -Johana Olabarria (Irudienea), Itsaso Gangoitia (Saguganbara), Arantza Arrazola (Szenatokia), Unai Pelayo (Ahotsenea), Esther Soto (Areto Nagusia), Ihintza Orbegozo (Plateruena) eta Gorka Julio (Kabi@)- banan-baban aurkeztu dituzte euren egitarauak, eta ia denek iragarri dituzte berritasunak aurtengorako. Egitarau osoa web gunean badute ere, azaleko begiradan esan daiteke Ahotsenean Euskal Herri osoko 111 talde, bakarlari eta idazle ariko direla, kontzertuetan edo solasaldietan, bakoitza bere arloaren arabera. 49 disko-aurkezpen eta 62 solasaldi izango dira. Ez dute hutsik egingo izen handiko bakarlari eta taldeek, baina musikari gazte asko omen dago aurten.
Publicidad
Irudienean, ikus-entzunezkoaren gunean, mundu digitalarekin lotutako hainbat proiektu aurkeztuko dira, aurten pisu handia dutelarik dokumentalek. Memoria historikoa lantzen duten gaiak oso presente egongo dira aurten. Zamorako espetxean preso egon ziren apaizei omenaldi xumea egingo zaie, 'Apaiz-Kartzela' dokumentalaren lehenengo irudien proiekzioarekin batera. 'Ez, eskerrik asko. Gladysen leihoa' lanarekin borroka antinuklearra izango dute gogoan, eta 'Anti' laburmetraiak Ipar Euskal Herrian euskarak pairatu zuen debekuak gogoratuko ditu. 'Lou, dantzan jo eta ke. Oinak lehertu nahian' lana, berriz, Euskal Herriko rock eszenan emakumeen hastapenak berpiztuko ditu.
Haurrentzako programazioa indartsu dator Saguganbaran. Liburuen aurkezpenez gain, bestelakoak ere egongo dira: ipuin kontaketak, yoga eta ipuinak uztartzen dituen Yogipuinak; STEAM esperimentuak; tailerrak; Kokojoko bideo-jokoa; Ene Kantaken kontzertua edo Lo Potolo, lotara joateko ipuinak eta poemak irakurtzea eta zuzenean marraztea, eta askoz gehiago.
Publicidad
Landakoko Areto Nagusian, ohi denez, euren proiektuak aurkeztuko dituzte eragile, erakunde eta elkarteek. Besteak beste, Loraldiaren seigarren edizioa eta EuskarAbentura espedizioa 2020. Kulturgintzarekin lotura estua duten bi mahainguru interesgarri ere badira. Horietako batean, 'Euskadi Sariak euskal literaturaren kanonetatik at?' galderari erantzuten saiatuko dira hainbat idazle, saridunak barne. Bestean, dokumentategien erronkak aztertuko dira Xenpelar Dokumentazio Zentroak koordinatutako beste solasaldi baten bidez. Gerediaga Elkartearentzat, ordea, Areto Nagusiko ekitaldirik bereziena Euskal Herria eta Eskoziaren harremanak musikaren eta hitzaren bitartez azaleratuko dituen 'Throwing voices' emanaldia izango da. Uxue Alberdi eta Rachel Newton idazle eta arpa-jotzaileak, bi sortzaileen arteko elkarrizketa musikatu bat eskainiko dute.
Atopia RPG, zuzenean
Kabi@, kultura digitalaren gunea, nobedade gisa aurkeztu zen orain dela urte batzuk, baina toki sendoa du jada Azokan. Aurten ere egitarau propio indartsua dakar. Domo batean egongo da, Landako Gunea eta Saguganbararen arteko plazan. Bertan mundu digitalean euskaraz sortutako azken nobedadeak topatuko ditu bisitariak. Eta «arlo honetan hezkuntzak duen garrantzia kontuan hartuta ikasle goizeko tailerrekin abiatuko dugu Azoka». Biharamunean, abenduaren 6an, Gamer Eguna dela eta, egun osoan zehar euskarazko bideojokoak izango dira. Larunbat goizean, Wikipedia eta Txikipediaren zurrunbiloan murgilduko da gunea eta arratsaldean AtopiaRPG, pasa den durteko sormen bekaren irabazleek, zuzeneko rol partida bat eskainiko dute. Azken egunean, goizean zehar burujabetza teknologikoaren inguruan arituko dira, eta arratsaldean 'Egunean behin' aplikazio arrakastatsuaren aurkezpena egingo da. Kultura digitalaren plaza bitxikeria batekin itxiko da abenduaren 8an, 18:00etan: Maurizia Aldeiturriagari berriro bizia eman dion 'Mauriziak ez du inor hil' kontzertu berezia, Ines Osinaga eta Lorea Argarateren parte-hartzearekin.
Publicidad
Szenatokian, berriz, Dantza eta Antzerki Laburren Jaialdia egingo da estreinakoz, 10 konpainia eta 30 emanaldirekin. Abiatu, Kukairen 'Erritu'-rekin abiatuko da guneko egitaraua. Plateruenean, bestalde, kontzertu handiek itxiko dute eguna Azokak irauten duen bitartean: ETS, Zetak, Arkada Sozial eta, tonu lasaiagoan, Maider Zabalegi entzun ahal izango dira.
Diru kontuei dagokienez, Azokaren aurtengo aurrekontua 668.450 eurokoa da, iazkoaren antzekoa. Mujikak, Bizkaiko Foru Aldundiak baldintzak zertxobait hobetu dizkiela azaltzeaz gain, zehaztu du kopuru horren erdia jartzen dutela erakunde publikoek. Gainerako erdia betetzen da babesle pribatuen laguntzekin eta Azokak sortzen dituen baliabideekin. Azokaren dimentsio ekonomikoari buruz gehiago jakingo da abenduaren 8an gaiaz Siadecok egin duen ikerketa aurkeztean.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión