Nerea Mujika, aste honetan Durangon. MAIKA SALGUERO

«Aurten indar gehiagorekin gonbidatzen ditugu kulturzaleak Azokaz disfrutatzera»

Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko lehendakariaDurangoko Azokaren atarian, lasai dagoela dio, eta badakiela «aurten balorazioa egin arte ez dugula jakingo zertan asmatu dugun»

Nerea Azurmendi

donostia.

Lunes, 30 de noviembre 2020, 10:08

Nerea Mujika durangarra, Geografian lizentziaduna eta Historian doktore, Deustuko unibertsitateko irakasle 1983az geroztik, 2003an egin zen Gerediaga Elkarteko bazkide, bazkide soil izaten jarraitzeko asmoarekin. Gutxi espero zuen bazkidetu eta urtebetera beste eginkizun batzuen artean 1965az geroztik Durangoko Azoka antolatzen duen elkarteko lehendakari izendatuko zutela. Are gutxiago Gerediagako lehendakari gisa biziko duen hamaseigarren Azoka pandemia baten erdi-erdian helduko zela.

Publicidad

– Ardura, beldurra, urduritasuna, ilusioa, poza, lasaitasuna... Zein hitz aukeratuko zenuke une honetako aldartea deskribatzeko?

– Denetarik dago pixka bat, baina planifikazioa itxita edukitzeak poza ematen didala esango nuke, dena oso arraroa izan baita. Lantalde bikaina daukagu, eta horrek berriz lasaitasuna ematen du. Planifikazio hitza erabiltzeak ez du esan nahi dena kontrolatuta daukagunik, hori nahiko bagenu ere, baina gauzak joan dira lotzen. Argi daukadana da inoiz baino inportanteagoa izango dela aurtengo balorazioa, orduantxe jakingo dugulako zertan asmatu dugun, eta nola joan diren gauzak, batez ere salmenten aldetik. Horrelakorik ez dugu sekula egin, eta zer espero behar dugun ere ez dakigu.

«Ireki diren bide berriak patxadaz pentsatu behar dira, ikusteko zein puntutaraino izan daitezkeen interesgarriak»

– Nolakoa izan da Azokaren irekierarako lau egun falta diren puntu honetara iritsi arteko bidea?

– Hasierako galdera zen 'zer egingo dugu?', baina denok ikusi genuen sektoreak, zegoen moduan egonda, behar zuela Azoka. Inpaktu ekonomikoaren azterketa eginda daukagu, eta badakigu Durangoko Azokak euskal kulturarentzat dakarren dirua garrantzitsua dela. Alde horretatik, argi izan genuen lagundu egin behar genuela, eta zalantzazko momentu hura gainditzea inportantea izan zen. Gerora egoera aldatzen joan da, eta gu ere joan gara prozedura eta metodologiaren aldetik egoeraren aldaketetara egokitzen. Ez gara egon gure kolkoari begira, ateak jo ditugu eta entzun ditugu beste batzuek esateko zeuzkatenak, eta horrela joan gara bidea egiten.

– Durangaldean oso ezaguna da Gerediaga Elkartea, baina Euskal Herriko beste toki batzuetan akaso norbaitek pentsatuko du elkarte handi bat zaretela, Durangoko Azoka antolatzea ez baita ahalegin makala.

– Baliabideen aldetik ez gara elkarte handia. Kudeatzailea, lanaldi erdian dabilen komunikazio arduraduna, bi idazkari eta kito. Azokarako zertxobait handitzen da taldea, baina bestela gure gaitasuna mugatua da. Gure helburua nagusia, berriz, Durangaldeko kultura babestu, bultzatu eta babestea da.

Publicidad

– Azoka antolatzeko orduan, babes handia duzue erakunde publikoen eta hainbat babesle pribaturen aldetik. Izan duzue desertziorik aurten, edo denek eutsi diote Durangoko Azokarekiko konpromisoari?

– Beldur hori bagenuen, baina erakunde publikoek mantendu dute laguntza eta baita ere pribatuek orokorrean. Hori ez da gutxi, eta gehitu behar zaio Eusko Jaurlaritzak proposatuta Durangotik kanpo egingo den zabalpena.

– Sektoreak ere bat egin du Gerediagaren ahaleginarekin?

– Izan ditugun bilera guztietan inpresio oso ona izan dugu, bai.

– Asko hitz egin da Durangoko Azokak euskal kulturaren ekosisteman duen garrantziaz. Egoera zail honetan huts ez egiten saiatzea izan daiteke horren frogarik argienetakoa?

Publicidad

– Egingo zela erabaki arte bazegoen kezka... Kalean ere galdetzen ziguten ea zer egingo genuen, eta erabakia hartutakoan jaso genituen erreakzioak erakutsi ziguten Azokak baduela garrantzia. Salerosketen aldetik mugimendu handia ekartzen du, eta hori ez egotea argitaletxe eta diskoetxeentzako kaltegarria izango zela iruditu zitzaigun. Horregatik saiatu gara modu birtualean bada ere alderdi hori mantentzen.

Egokitzeko gaitasuna

– Egin dituzuen egokitzapenetan, zer izan da zailena kudeaketaren aldetik? Denda birtual bat hutsetik eraikitzeak ez du erraza ematen.

– Bai, hori kudeatzea guretzat berria da, nahiz eta neurri batean katalogoa osatzeko prozedura aurreko urteetako bera izan. Argitaletxeek bidaltzen zizkiguten beraien proposamenak eta guk, onartu ondoren, katalogoan sartzen genituen. Alde horretatik egin dugun aldaketa bakarra izan da produktu bat nobedadetzat hartzeko epea zabaltzea. Normalean irailetik aurrerakoak hartzen dira aintzat, baina aurten, gauzak nola joan diren ikusita, urte osokoak sartu ditugu. Azokan egongo diren produktuak, dena den, oraindik ez dira iristen hasi. Landako Gunea hutsik dago, ez gara hasi biltegia betetzen. Gune bikaina da, ez dago espazio arazorik, baina ikusi beharko da nola antolatu heltzen zaizkigun materialak, zenbat ale eduki bakoitzetik... Gauza asko daude kontuan hartzeko: salmenta, kobrantza, fakturak, paketatzea, bidaltzea erosleak 2-4 egunen buruan jaso dezan... Gerediaga Elkarteak stand txiki bat edukitzen du Azokan, ez gaude horrelako gauzetara ohituta, baina kontu handiz ari gara dena prestatzen.

Publicidad

– Zuen baliabideak erabiliko dituzue hori guztia egiteko?

– Bai, urtero kontratatzen ditugu herriko gazteak Azokako egunetan laguntzeko. Aurten gutxiago izango dira, baina haiek arduratuko dira egiteko horiez.

– Ehun bat kultur jarduera bildu dituzue egitaraura, bertakoek bertatik bertara eta kanpokook streaming bidez jarrai ditzagun. Guneen gaitasun eta heldutasunaren seinaletzat har daiteke egitarau hori?

Publicidad

– Benetan, gainera. Gune guztiek egin dute ekarpena programazioa osatzeko orduan, bakoitzak bere eremutik. Koordinazioaren aldetik ere ahalegin handia egin dute, eta aurten hori oso garrantzitsua da. Azpimarratu nahiko nuke, gainera, Azoka Telebistak aurten daukan lana. Ardura handia da Durangon gertatzen dena guztiengana helaraztea.

– Akaso horrek izango du bere alde ona, eta Durangoko Azoka iritsiko da inoiz baino jende gehiagorengana.

– Hori nahiko genuke, baina ni modu pertsonalean aurrez aurrekoaren aldekoa naiz, eta Durangoko Azokan oso inportantea da zuzeneko harreman hori. Hala ere, etortzerik ez dutenek izango dute harremana pantailaren bidez mantentzeko eta disfrutatzeko aukera, eta inoiz etorri ez direnek ezagutu ahal izango dute eta, behar bada, datorren urtean animatuko dira etortzera. Aurten indar gehiagorekin gonbidatzen ditugu kulturzaleak Azokaz disfrutatzera eta Azokan erostera.

Noticia Patrocinada

– Beharrak ekarri ditu 55. Durangoko Azoka itxuraldatuko duten nobedadeak. Uste duzu horietakoren bat geldituko dela?

– 'Kasu praktikoa' egina geldituko da, behintzat, eta aztertuko ditugu bide berri horien emaitzak, baina ametsik egin gabe eta burua berotu gabe. Lehen esan bezala, aurten oso inportantea izango da balorazioa, eta horren arabera joango gara ikusten. Egia da Azoka ezagutzen dudan urteetan, izenetik hasita, beti izan dela pauso berriak emateko gauza, egoera normalean ere joan gara moldatzen. Hala ere, oraingo aldaketa hauek, ezinbestean ireki diren bide berriak, patxadaz pentsatu eta baloratu behar dira, ikusteko zein puntutaraino izan daitezkeen interesgarriak etorkizunera begira.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad