Borrar
Txapela irabazi ez balu ere jardunarekin eta zortzikoaren lanarekin «pozik» sentituko zela argi du Alaia Martinek. Lobo Altuna
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Alaia Martin: «Umorea esateko arma potentea da beste leku batera heltzen delako»

Oholtzan eroso, finalaren analisi sakonagoa egiteko perspektiba gehiago behar badu ere, argi du zortzikoak bizi zuena «betiko» geratuko zaiela

Jon Agirre

Oiartzun

Lunes, 16 de diciembre 2024, 19:27

Finaleko «aje emozionala» oraindik oso gorputzean eta txapelketarekin zein finalarekin perspektiba faltan, Alaia Martin (Oiartzun, 1987) «pozik» da lortutako bertsokerarekin eta, batez ere zortzikoak «elkar zaintzeko» erakutsitako jarrerarekin. Asko esanda jada oholtzan, mikrofonoa laguntasuna izendatzeko kode falta azpimarratzeko baliatu zuen. «Azken urteetan mugitu nauen gaia da».

– «Aspaldidanik zinen txapeldun / ta gaur txapelaren jabe», kantatu zizun Beñat Gaztelumendik. Ane Labaka, Oihana Iguaran edo Arantzazu Loidik ere hitz goxoak eskaini zizkizuten. Nola jaso dituzu?

– Ilusio handia egin zidan kideengandik berotasun hori jasotzeak. Memoria egiten hasita esango nuke finalean gehien hunkitu nintzen momentua hori izan zela. Ganbarakoan planteatutako gaiak ukitu ninduen ere, baina egindako keinu horiek asko poztu ninduten eta Arantzazu Loidiren ahotik, gorputzetik eta eskutik txapela jasotzeak zentzu bikoitza eman zion.

– Zure txapelketa goitik joan da eta final bezperako agerraldian eroso, zertzelada batzuekin gustora, sentitu zinela esan zenuen. Txapelak biribiltzen du?

– Ez dakit nola jasotzen den, ez zait askotan tokatu. Pozez jasotzen da. Txapelketak nahiko aho zapore gozoa utzi dit hiru saioetan, baina hiruak oso ezberdinak izan dira. Eibarren nire burua oso eraginkor sumatu nuen ebazten, Zarautzen oso pozik sentitu nintzen, poz kolektiboarekin gauza oso bereziak gertatu zirelako: Amaia Iturriotzekin kantatzeak ilusio handia egin zidan, Anerrek [Perez 'Euzkitze'] izugarrizko saioa eta ekarpena egin zuen, Eneritz [Artetxe] ere finalera pasa zen hortik... Finalak dena biribildu du.

– (...).

– Bietan oso gorputzaldi ezberdina izan nuen eta Illunben saio biribilxeagoa, kontzienteagoa, egin nahi nuen. Ez %100ean, noski, baina une askotan sentitu nuen poz hori. Izan nahi nuen sentsazio jostari hori, esateko grina presente zela. Txapelketarekin izaten ditugu arantzak, nik ere baditut, baina orokorrean txapelketa gozoa tokatu zait.

– Beste txapelketetan «lanketa intentsoagoa» egin zenuela esan zenuen, honetan «zabalagoa, lehenagotik hasi» eta «arnas gehiago» hartuz egin duzu. Helburua betetzeak bertsolari bezala asebetuko du bat.

– Ez dut aski perspektiba txapelketarena eta finalarena, oso gorputzean daukat bai poza, nekea, hunkidura eta ingurua goxatzeko gogo hori, etxekoetatik hasita. Oraindik ez dut analisi hori eginda, baina esango nuke gutxi gorabehera txapelketa honi eskatzen niona eta nire buruari opa nion gorputzaldia egon dela. Saioen aurretik oso urduri egon naiz, baina ez dut ez nire burua ez nire ingurunea gehiegi zigortu. Batzuetan txapelketak izugarrizko aje emozionala uzten digu eta gehiegi astintzen, eta zentzu horretan txapelketaren lurrikararen eragin esparrua eta albo-kalteak ez dira hainbestekoak izan. Horrekin nahiko pozik eta lasai nago.

– Txapelketa bera ere ez da maiz esparrua bertsoaldi onena aurkitzeko. Zenbakiak hotz izan badaitezke ere, saio guztiak irabazi dituzu eta finalean zortzi ariketatik bost, besteetan oso puntu gutxi utzita: hamarreko txikian Iguaran baino puntuerdi gutxiago eta Gaztelumendirekin librean 3,5 eta ganbaran 1,5.

– Ez naiz batere bertsolari analitikoa, zenbakitakoa, kalkuluan ona. Ez dut bilatzen gainera. Puntuazioak gainetik begiratu nituen, baina... Zentratuta egon nintzen bertsoaldi bakoitza ahalik eta osoena izan zedin, bertso bakoitza osatzen mimoa jartzen. Gainera bertsokideez ere asko gozatu nuen, iruditu zitzaidan gauza zoragarriak egin zituztela eta pozik sentitu nintzen momentu horiek bizitzeaz, beraien distira sumatzeaz eta beraietako asko gozatzen ikusteaz.

– Elkarrizketak izateko zortzikoa izan zitekeela aipatu zenuten. Alde horretatik, bertsozalea ezin da kexatu. Fisikoki ere gertu zeundeten, magia hori nabaritu zen.

– Bai, sentitu bai, ez dakit gero zer ikusi zen. Prentsaurrekoan bertan uste dut bazegoela talde giro goxo bat, finalan bertan ere, oholtzan elkar lagundu eta bultza genuela esango nuke eta ondokoarengatik ere poztu ginela. Egon ziren elkarrizketak, elkarri erantzun eta eusteko konfiantza. Hori oso polita da, sentsazio hori oholtzan izan ginenoi betirako geratuko zaigu. Elkar zaintzen asmatu genuen egun horretan zein prentsaurreko egunean, taldearen zati bat hor egin zen.

– Erdi brometan-edo komentatu zenuten lehen ariketako zalantzak postrean argituko zenituztela.

– Bai. Lehenengo libreko ariketa horretan bakoitzak zer pretentsio, ilusio edo beldur zeuzkan hitz egin genuen. Ez zegoen adosterik, gero ez genekielako nor arituko zen norekin, baina aitzakia edo abiapuntu bezala balio izan zigun, bakoitzak finala nondik bizi zuen, ze ilusio zeukan, lasaitasunetik edo jolastetik hasi nahi zuen...

– «Kontzentratuta» baina «irekita eta malgu» kantatu nahi zenuela esan zenuen. Agurretik, «konjuruz konjuru», argi utzi zenuen «nahi dugun bezalaxe» kantatzera igo zinela. Orokorrean eroso ikusi zitzaizun.

– Batez ere ez nintzen oso deseroso egon, eta hori bada zerbait. Bazetorren ariketa bakoitza eta gogoz hartzen nuen. Ez nuen asko errepasatu aurreko ariketa. Eta ikusten nuen nolako plaza puska geneukan, inguru guztia nola bultzatzen ari zen dena ondo ateratzeko eta horrek lagundu zuen. Gero dena ez dago gure esku, egokitu behar zaizu erresonantzia edo oihartzuna sortzen dizuten gaia, bertsokideen arteko konplizitatea, lo eginda edo gorputzaldi onarekin heltzea... Faktore askotan zortea izan nuela sinesten dut.

– Konplizitatea aipatuta, umorean oso jostari eta fresko aritu zinen. Txisparekin.

– Niretzako umorea esentziala, funtsezkoa, da bizitzan. Egunerokoan asko ezaugarritzen nau. Jolas hori eta umorerako bidea jarrera bat da, batzuetan ateratzen da eta besteetan ez, baina askatasuna sentitu nahi nuen sortuz gero bide emateko. Aukera sortu zen, ez umorea propio egiteko intentzio absolutotik, baina esateko arma potentea da beste leku batera heltzen delako, ustez inuzenteagoa. Miresten ditudan bertsolari askok badaukate kode edo umorerako zera hori, batzuetan beltza edo absurdoa ere.

– (...).

– Egunerokotasunari oso lotuta gaudenean, gauza txikiak ebazten, malgutasun hori behar da. Nentorren lekutik netentorren, daukadan bizimodua daukat, saiatu nintzen horretan egoten.

– Partxisaren bueltan, barre artean, bikote ika-mila ederki islatu zenuen Gaztelumendirekin.

– Gai hori oso ederra eta aproposa zen une horretarako. Egunerokoa oso astuna da eta bere pisua du, umoreak beste astindu bat eman eta gauzak erlatibizatzen laguntzen du.

– Ganbarako gaietan sakon izan eta publikoa hunkitzen ere asmatu zenuen. Zu ere ukituta nabaritu zintugun.

– Kazetari bezala gai asko zeuden eta torturatu bat elkarrizketatzea ez zen okurritu zitzaidan lehena izan, baina bai bigarrena. Sentsazioa izan nuen «oilo-ipurdiarekin» lotuta –hala zioen gaiak– garaia ere izan zitekeela horri kantatzeko, ez dagoelako hain lehen lerroan. Senetik eta oso segundo gutxitan aukeratzen dugu bidea eta hasi nintzenean uste nuen hotzagotik kantatuko nuela, baina kontatzen ari nintzena kontatzen ari nintzen, oso gordina da eta mugitu ninduen.

– Une ezberdinetan, baina oso loturik, utzi zenituen: bertsotan «taldean egin behar da / ezin da bakarka» edo agurreko laguntasun aldarrikapena.

– Ez naiz sekula izan agurrak aurretik pentsatzekoa. Honetan sentitzen nuen mikrofonoa beste era batera aprobetxatu behar zela, hausnarzteko aukera bat zela zer-nola-nondik eskertu nahi nuen. Etxeko nukleo-konbibentzialetik kanpora jende askok lagundu nau, lagun eta bertsokide askok, fisikoki gerturatu direnak entrenatzeko edo kafe bat hartzeko. Zaindu nautela eskertu nahi nien. Eta uste dut laguntasunari dagokionez iruditegia falta dela. Epika izugarria ematen diogu maitasunari edo familiari, baina laguntasunari ez diogu ematen behar duen aitortza, ez daukagu koderik lagunen arteko hausturak, minak, zeloak... izendatzeko. Nik erez, baina azken urteetan mugitu nauen gaia da. Ane Labakak 2002ko Nagusian bertso ederra egin zuen Irunen, asko gustatu zitzaidan, baina hunkitzeko ere aurrez tekla horiek izendatuta eta ukituta izan behar dituzu. Uste dut falta zaigula hor, koadrilaren zentzu tradizionaletik harago laguntasunari zentzu orokorrean. Bakartuago gauden garai hauetan, harremanak azalekoagoak edo telematizatuak izan daitezkeen honetan, besarkada diogula baina ez dugula ematen gero apenas... Kezka horretatik, laguntasuna zentroan jartzeko aprobetxatu nahi izan nuen.

– Miren Amurizak 'Pleibak' (Susa) eleberrian ere oso presente izan du. Ez da kasualitatea hiru sortzailek gai bera modu antzekotik sentitzea.

– Atera duzunez aprobetxatuko dut esateko lagun handi-handia dudala, asko miresten dudan bertsolaria dela. Bere liburua irakurtzen ari naiz eta asko gustatzen ari zait. Liburu izugarria da, mamiz eta mezuz oso potentea eta eraldatzailea izango dena. Konpartitu dugu kezka. Garaiak hortik joatea eskatzen duela uste dut. Sortzea iruditegia, epika, barruak ere ulertzeko eta jendarte bizigarri bat egiteko.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Alaia Martin: «Umorea esateko arma potentea da beste leku batera heltzen delako»

Alaia Martin: «Umorea esateko arma potentea da beste leku batera heltzen delako»