Txalo zaparrada mundiala Janire Gonzalez-Etxabarri txapeldunarentzat
ZISKEk antolatuta, merezitako harrera egin zioten atzo Kofradian
Janire Gonzalez-Etxabarri surfeko munduko txapeldun izendatu da berriki El Salvadorren. Zumaiako surflari gazteak Sequeira portugaldarra, Fitzgibbons australiarra eta Peruko Rodriguez hartu zituen mendean igandean jokatutako finalean, garaipena lortu eta denboraldi ikusgarria borobiltzeko. Atzo, ZISKE Zumaiako Itzurun Surf Elkarteak antolatuta, omenaldia egin zitzaion bere herrian. Bere familiarekin batera iritsi zen Kofradiara, tartean bere ahizpa, Anette, El Salvadorren jokatutako ISA World Surfing Games txapelketan ere maila handia erakutsi duen surflari bikaina. «Oso polita izan da txapelketa hau berarekin bizitzea. Ospakizunaren unea oso berezia izan zen, elkarrekin bizi izan dugun unerik politenetakoa. Biok oso lasai eta harro geratu gara egin dugun txapelketarekin», onartu zuen.
Publicidad
Bizilagunek, lagunek eta olatu kideek txalo zaparrada eta surf taula artean egin zioten ongietorria Janireri. Kofradiako plazatxoan aurreskua eskaini eta lore sorta bat oparitu zioten. Ondoren, balkoira igo zen eta berarekin izan ziren Xabier Alberdi, ZISKEko batzordekidea eta Zumaiena ikastolan bere irakaslea izandakoa; Carmela Peñalba, laguna eta ZISKEko kidea; Aitor Manterola kiroletako zinegotzia eta Iñaki Ostolaza alkatea, azken honek opari bat eman zion Udalaren izenean.
Omenaldia ez zen ezustekoa izan berarentzat, sare sozialen bidez ikusi baitzuen iragarkia. Hala ere, Janirek, hunkituta eta irribarre handi batekin, eskerrak eman zizkien pertsona guztiei bere babesagatik eta harrera egitera joateagatik. Era berean, amets bat bizitzen ari dela adierazi zuen.
Zumaiarrak azaldu zuen «oso harro» dagoela talde osoak El Salvadorren egindako lanarekin, eta eskerrak eman zizkion ondoan izan zuen pertsona bakoitzari. «Oraintxe bertan amets bat bizitzen ari naiz. Badirudi hau ez dela erreala, lo nagoela, ametsetan, eta bihar esnatuko naizela».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión