Euripean agurtu zituzten jaiak azkoitiarrek
Giro bikainean joan diren bost egunen ostean, Kuadrilla egunak itxi zituen atzo Andramari festak, eguraldi txarrak baldintzatuta burutu ziren hainbat ekitaldirekin
Jaietako lehen lau egunak eguraldi onarekin igaro ostean, Azkoitiak euripean esan zien atzo agur Andramari jaiei Kuadrilla Egunaren ospakizunarekin. Ohitura denez, gazte kuadrillak, eta ez hain gazteak, kalera atera ziren koloretako alkandorak nahiz kamisetak soinean jantzita, eta asteazkenetik izan den bezala, giro aparta izan zen nagusi herrian aurtengo jaiak merezi bezala agurtzeko.
Hala ere, eguraldi txarrak eragina izan zuen atzoko egunerako antolatuta zeuden hainbat ekitalditan. Esaterako, goizeko 11:00etan Balda plazan XXI. Kale Atletismo Erakustaldia egitea aurreikusita zegoen, baina bertan behera geratu zen euriaren ondorioz. Xeye atletismo taldeak antolatutako XXII. Andramaixetako Milia, ordea, arazorik gabe egin zen. Bingen Aranbarri gizonezkoetan eta Aroa Altuna emakumezkoetan izan ziren azkarrenak aurtengo proban. UK03 Txarangako kideak euren musikarekin herriko kaleak alaitzeaz arduratu ziren eguerdi partean, nahiz eta, zenbait unetan, toldo eta arkupeen babesa behar izan gehiegi ez bustitzeko.
Bestalde, eguraldi kaskarraren eraginez baita ere, herri bazkaria lekualdatu behar izan zuen Udalak. Hala, hasiera batean Herriko plazan elkartzeko asmoa bazegoen ere, kuadrillak Berdura Plazan eta plazako arkupeetan bildu ziren bazkaltzeko.
Arratsaldean beste hainbat jardueraz gozatzeko aukera izan zen, hala nola, Brincadeira batukada taldearen 'Mërograde' kale ikuskizuna, apar festa Balda plazan, zezenak Plazaberrin, edo UK03 txarangaren bigarren kalejira. Aurtengo Andramari jaiak Gozategi taldearen emanaldiarekin, suzko zezenarekin eta Brincadeira batukadaren Glowdrums ikuskizunarekin amaitu ziren atzo.
Bost egunetan zehar Azkoitian jardueraz beteriko jaiak bizi izan dira guztion gozamenerako. Azkoitiaren Hiri-gutunaren 700 urteurrena tarteko, aurten Udalak Azkoitiko herriari eman nahi izan zion protagonismoa festen hasieran, eta herriaren izenean lehertu zen asteazkenean suziria, elkarte eta taldeetako ordezkarien eskutik. Ondoren, eta atzo arte, hainbat kontzertu, herri kirol erakustaldi, pilota partida, omenaldi, haur jolas, lehiaketa eta abarrez gozatzeko aukera izan da.
Idi dema saria, gaur
Herriko jai preziatuak amaitu diren arren, Azkoitian bada oraindik zertaz gozatu udako egunetan. Gaur bertan jokatuko da XIV. Diva-Sat idi dema saria, 22:00etatik aurrera, Gurea pilotalekuko probalekuan.