Bost antzuolar Realean, Athleticen eta Eibarren
Futbolariak. Eztalako harrobitik irten dira Peru Rodríguez, Iker Otadui, Aimar Madina, Beñat Larrea eta Uxue Iparragirre
Antzuola Kirol Elkarteko harrobiak bere unerik gozoena bizi du. Eskolako patioan eta Eztalan futbolean hasitako bost neska-mutil euskal klubik onenetarikoan ari dira gaur egun. Athleticek Beñat Larrea fitxatu berri du, kopurua lautik bostera handituz. Realeko kide ziren aurretik Peru Rodríguez, Iker Otadui eta Aimar Madina. Eta badira denboraldi batzuk, sei bat behintzat, Uxue Iparragirre Eibarren ari dela.
Beñat Larrea Martín (16 urte) da kamiseta zurigorria jantziko duen aurreneko futbolari antzuolarra. Abenduan gauzatu da fitxaketa, baina hurrengo denboraldira arte ez da lehiatuko Athleticekin. Bitartean, azkenaldian bezala, Bergararekin segiko du Euskal Ligan, jubenil adineko hirugarren mailan, nolabait esateko. Une honetan bigarrenak dira sailkapenean. Erdiko atzelaria da.
Realean dihardutenen hiru an-tzuolarren artean Peru Rodríguez Larrañagak (20 urte) du ibilbiderik luzeena. Atzelaria baita, Sanseko kide da gaur egun. Infantil mailan heldu zen Zubietara eta kamiseta txuriurdinarekin dihardu ordutik. Iaz Bigarren mailan egin zuen debuta, azaroaren 12an Gijónen Sportingen aurkako neurketan.
Realeko talde gazteagotako kide da Iker Otadui Aristi (17 urte). Ezkertia, zelai erdian jokatzen du. Jubenil mailan Realak duen talderik indartsuenean dago, Ohorezko mailakoan. Hirugarrenak dira sailkapenean. Espainiako 15 urtetik beherakoen selekziorako deia ere jaso zuen duela pare bat denboraldi eta Euskadikora ere joan izan da. Proiekzio handiko jokalaria da zenbaiten ustez.
Otadui baino urte bat gazteagoa da Aimar Madina Arriola (16 urte), zelai erdiko futbolaria baita. Easoko futbolaria da, Realak jubenil mailan duen bigarren taldekoa. Liga Nacional izeneko lehiaketan ari da eta hauek ere hirugarrenak dira sailkapenean.
Aipatu behar da lau mutil hauek Bergaran ibilitakoak direla talde handiagoetara jauzia eman aurretik.
Uxue Iparragirre Kortabarria (22 urte) kadete adinean ailegatu zen Eibarrera eta pausoz pauso joan da gora. Lehen taldeko entrenamenduetan parte hartu eta noizbehinka jokatzen badu ere, gehienetan bigarreneko deialdietan sartu ohi da. Bosgarrenak dira Lehen Nazionalean. Ezker hegaleko jokalaria da.
AKEn hazitakoa da baita Andoni Azkargorta entrenatzailea, egun Gaizka Garitanoren lagun-tzailea Eibarko talde nagusian.