Diario Vasco

Hiru senide goizuetar hil

Hamar senideak, ama Maria Apezetxea Ontsari erdian dutela, Erramona eta Mertxeren ezkontzako egunean (1953-11-29)
Hamar senideak, ama Maria Apezetxea Ontsari erdian dutela, Erramona eta Mertxeren ezkontzako egunean (1953-11-29)
  • Astearte honetan hil da Leitzan 87 urterekin Juan Bautista Perurena Apezetxea, Batixta, bertsotan asko ibilitakoa

  • Familiak egun gutxiren barruan izan dituen hiru galerek eman diote Patziku Perurenari etxekoengandik jasotakoa partekatzeko bidea

Hamabost egunen barrenean hil zaizkigu bai, Perurena Apezetxea senideak, beren bihotzeko Goizuetan 'Karretotar' izanduak. Elkarren gainka honenbeste sentipen bizi ondoren, ez da erraza tajuzko deus esatea, baina, zinez eta labur saiatu izanaren arriskua nere bizkar. Zaharrenaz aurrera hasiko naiz.

Erramona. Hona bere hitzak: «Oattolon yaio nitzan ni. Arrasaldeko lau terditan. Gorozkatarik berentzen ai ziala soton. Ta nere nearra aittu zuten denbon: 'ara yaio duk, ta ori urruzan nearra duk'. Ta alaxe izaki! Gero nik, ttiki ttikitatik, beti zerbette banun. Gorria pasatu ta, ongi yarri biño leno, pulmonia arrapatu nun. Illea ta guzi yon zitzian. Gero torri zitzian kukurutx eztula, biño gaixtoa e! eztulka asita nonai eroitzen nitzan, ta itxen beti kezkatuk.

Gero, komonioa inta beretzi urte biño len Tupenera yon nitzan. Xanti Sarranek amar illabete zittula. Motiko potolo rubio bat, majo askia bai, biño etzikin txutik ibiltzen oaindikan. Atta gaizki eukitzen zuten, tisikoa zela uste dut, ta odola botzen zun noiznai. Ni aurrakin ataiko soron, ta ora ate gañekoa ireki ta, azpikon gañen bi besok guruztuta eotten zen barrendik guri beira:

Kantari nago baña, barrendikan triste

Nik miñikan dedanik, iñork ez du uste.

Ta ni arrittua! Nondik ate te do gizon onek kanta au?»

Erlikia bezala jasoak dauzkat zure kontu xaloak, izeba, eta barka azken kanta muttur hauxe zure arimatzat aukeratu izana. 'Kantari nago baina…' Umetan hunkitu zintuen kanta muttur honetxek lagundu dizula uste baitut bizi guzian. Mutiko nintzela ariman sartua, zure kantaera fina daukat gogoan, emakumeen alderditik nabarmen, nola lehen hala bigarren ahotsera, izeba Mertxe lagun: 'Ostian bizi zera…' Hiletakoan ere halaxe kantatu dizute, merezi bezal bezalaxe: 'Agur Jesusen Ama…' Izan ere, jesus bihurri guzion ama hoberik, zu baino, izeba! Nola ez zaitut ba izango maiteen!... Ttiki ttikitatik Gorria ikusia. Pulmoniarekin ilea galdua. Ezkondu ezkeroztik pelukera izandua. Nola ez gorde zure bizi guziko 'permanente' horren 'laka' gure arimako adatsetan!...

Kornelio. Nigan hiru marka nabarmen utzi ditu osaba Korneliok: munduan gutxik bezalako begiratu bizi eta garbia; fintasunez nobletu nahi gaituen begiaren indarra; egia esan, senideetan begirik handienak eta ederrenak baitzituen; dohain horrekin batera bazuen gero, beste bederatziak ez bezalako elegantzia eta jarrera señoriala ere: berriketa gutxi, aditu asko, eta beste guziak isiltzean, deus irastekorik bazuen, ttak, beti ohar zentzagarria, zurezko ahots berezi harekin; horretan maisu zuten, Orozkoko beste anaia (Ikus 'Zurian zirika', 119) Joxemariren hurrena; eta hirugarrenik, kriskitinak jotzeko izaten zuen ilusioa. Nik uste, etxetik kalera atera aldiro, patrikeran hartzen zituela, bada ez bada, eta inon dantzarik sortu ezkero, bai agudo atera eta jo ere! Baina, Eratsungo festetan (emaztea hangoa baitu: Anjeles Hernandorena) eta Goizuetako plazan baino pozikago inon ez.

Oso gaztetatik omen zuten ohitura. Hamar senideak korroan dantzan, eta ama alargundua begira. Gure aita 'xarra' berriz lotsatua: «Errin giñan pobrenak giñuzen, eta yende guzin aurren dantzan ibilli bar!». Hamaika aldiz esana neronek: «Horretxek zun ba merittua, atta!». Baina, alferrik: «Merittua?!»... Nik hemen ezagutu ditudan usario zaharreko kriskitin jole bakarrak, Saldisko Periko Urrutia eta gure osaba Kornelio, biak ere dantzari dotoreak. Kintoak nola ziren, behin baino gehigotan ikusiak baitauzkat nor baino nor. Baita neronek ziztua jota ere behin, Basakabin, Kandido Azpiroz atabaleroak eraman arazi ninduen esker. Hantxe ziren Larrañaga eta Azpillaga hil berria ere, bertsotan.

Gure aitari Goizuetan lur ematekoan, ongi gogoan daukat, Korneliok bota zion aurreneko lur pirrilda. Oi, zorioneko lurra! Ordain huraxe eskatu nion aitaren elegantzia bera duen alaba Ainhoari, eta baita erantzun soilik ederrena jaso ere: «Bete dut zure hitza!» . Honatx sekretuan eskertutakoa:

Zurea bai poesia ederra, Ainhoa maitea.

Inoiz ez baitut jaso hitza, hain ongi betea.

Kriskitiñak bihotzean, PHtar guziak alaitzen.

Segi dezagun beti musika fin ixil hau aditzen!!...

Bai, pena haundia dut Kornelio eta Joxe osaba Arroakoen kontuak tajuz jaso ez izana, baina, non edo non azalduko al dira ordainetan printza batzuk (Ikus 'Hilen Xarma', 254, 271). Eta oraindik jasotzea espero dudanak, nahiz beren ahotik ja ezin.

Batixta. Kornelioren lagun mina, gaztetan asko ibiliak baitziren elkarrekin. Leitzara bisitan etortzen zenero, Batixtarengana beti aurrena Kornelio, baita belarrean eta zernahitan laguntzera ere askotan. Esanen nuke, gaua eta eguna bezala zirela. Horregatik elkarren beharra. Batek falta zuena besteak izaki. Ni askotan aditua nago mutikotan: «Batixta haiz hi, Batixta!». Honek ez luke esplikazio beharrik, ez familian ez Goizuetan, baina, bai hemen. Hauxe baita osaba Batixtaz nabarmenduko nukeena: bai eguneroko kontu kontaritza, bai bertsolaritza, estilo zaharreko apustuan bizi zuela, zotzari ziri sartze etengabean gozamen bila. Eta esan behar zuena, zapla, natural demonio, sekulan ez gaizto baina beti bihurri, nor minduko zuen asko pentsatu gabe. Bertso zahar asko zekien, eta bapatekoan ere grazi haundia. Beti aitortzen zuen Zaiburuk gaztetan Goizuetan esandakoa: «Hik badek etorria, baina nerekin etortzen bahaiz, urte betian ederki jarriko huat nik bertsotan!» Baina gero beti, kontseju on haren falta sumatzen. Halere, Nafarroako txapelketa zahar eta berrian ere aritu zen. Ez zen ordea, inondik ere, egungo parodia honetako bertsolaria. Hor izanen ditu Bertsozale Elkarteak haren datuak, eta pentsatzen dut aterako dituela, merezi duen gisan. Ni ezin bainaiz luze hemen.

Bai, osaba Batixta batik bat lege zaharreko artzain, ikazkin, bertsolari eta kontu kontari amorratua izan da. Nik egonaldirik ugarienak, gure aita alargundu zenetik egin ditut haren etxean, eta saiatu ere bai, 'Karretoko dotea' zela medio bien artean izaten zutena argitzen. Baina, beti bezala, gaizki atera. Ez daukat halere, hatz erdi baten damurik, bien arteko arantza hura ateratzen saiatu izana, eta beti eduki dut eta edukiko ohore haunditzat, mutikotako piropo hura: «Batixta haiz, hi, Batixta!». Askotan bezala, hil baino zortzi egun lehenago, egin nion galde 'erreillu' hitzaz, egun batzuk lehentxeago 'dunda' hitzaz bezalaxe, eta honetxek ematen dit penarik haundiena, lurrezko arimadun hiztegi bizibiziok mututzen ari zaizkidala ikusteak.

Baina dena galera izan ez dela ikusteko, eta guzia biribiltzeko, hona Leitzan buru dabilen Luzeren bertsoa:

Karrettotarren sendi barruan hauxe bolada illuna!

Bi joan berriak hirugarrena Batixta bertso-laguna

Bertso zaharren maixu haundia ta bertsolari txukuna

Naiz doinu tristez agurtzea den hemen tokatzen zaiguna

Gugan gelditzen da zure bertso alaitsuen oihartzuna.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate