Borrar
Larunbatean ospatuko da Jentilen Etorrera Ataunen. J.E.

Ataun

Euskal kondairak oholtzara igoko dira Ataunen

Jentilen etorrera. Mitoaldiari amaiera emateko antzerki berezia eskainiko da larunbatean, herriaren inplikazioarekin eta 40 urteko tradizioa betez

Asteazkena, 22 urria 2025, 20:08

Comenta

Zapatuan, herriko plazak berriro ere Jentilen Etorrera hartuko du, bi urtez behin antolatzen den Euskal Mitologian oinarritutako antzerki herrikoia, Mitoaldiaren ildoari amaiera emateko. 1981ean ekin zion bere ibilbideari, eta 40 urte baino gehiago daramatza herriko kondaira eta istorioak oholtzara eramaten.

Jentilen Etorrera ez da soilik antzezlan bat; ondare bizia da. Oinarrian, besteak beste, Barandiaranek jasotako legendak daude, aiton-amonek etxeetan kontatzen zituzten ipuin eta elezaharrak. Ekitaldiaren helburu nagusia da ondarea bizirik mantentzea da, atzetik datozen belaunaldiek etxeetan eta baserrietan kontatzen ziren elezaharrak ezagutu eta zabaltzen jarraitzeko asmoz.

Antzezlanak aurrez aurre jartzen ditu bi zibilizazio eta bi mundu: jentilak eta sorginak, harpe eta kobazuloetan beren sinesmen eta ohiturekin; eta kristauak, beheko errekondo eta zelai-haranetan, fede berriarekin. Elkarren arteko harremanak, ohitura aldaketak eta sinesmen desberdinak ikusteko aukera eskaintzen du ikusleari. Pasarteen errepresentazioa abestiz, dantzez, bertsoz eta koplez aberasten dute, ikus-entzunezko esperientzia osatzeko.

Antzezlan berritua urtero

Urtero, ikusleek sekula ikusi ez duten istorioa izango dute aurrean. Aizpuruak azaldu duenez, istorioa eta kondaira ezberdina izaten da urtero, eta oholtzara igoko diren pertsonaia mitologikoak ere aldatu egiten dira. Istorioa sortzeko prozesua ere aldatzen da: batzuetan aurretik egituratutako testuarekin, beste batzuetan hasieratik sortutako kondaira garatzen dute.

Ez hori bakarrik, pertsonaia mitologiko finkoak ere presente daude: jentilen artean Torto, Otsoko eta Marimundu, eta kristauen artean alkatea eta San Martin Txiki, nahiz eta urtero bakoitzak jasotzen duen garrantzia aldatu.

Jentilen Etorreraren arrakasta herriaren parte-hartzean datza. Aurten, 60 bat aktore, figurante eta dantzari izango dira oholtzan; 110 herritarrek kale ibilaldian parte hartuko dute, eta beste 30 lagun atzeko lanetan jardungo dira: sarrerak hartzen, dekoratua aldatzen, mokadutxoa prestatzen... Guztira, berrehundik gora herritarrek parte hartuko dute. Beste urte batez, nabarmena da auzolanean herriak duen inplikazioa eta interesa; aurkezpenean azaldu moduan, herritarren laguntzarik gabe antzerkia eta zikloa aurrera eramatea «ezinezkoa litzateke».

Antzezlanak urtean urtean berrikuntzak eskaintzen ditu. Bi urteko aurreko edizioan, kondaira ilunak txertatu zituzten haurrei beldurra eragiteko. Aurtengo ediziorako, berriz, nerrotasunen artean umorea, ikara eta bestelako sentimenduak sortzea espero dituen berrikuntzak gehitu dituzte.

Egitarau deigarria prest

Lehen zatia San Martingo plazan izango da, publiko guztiarentzat irekia, 19:15ean hasita. Eguzkia ezkutatzen denean, jentilak menditik behera, lamiak errekatik gora eta sorginak edonondik jaitsiko dira. Ongietorria egin ondoren, desfilean egingo dute ibilbidea Auzoeta kiroldegiraino.

Bi emanaldi izango dira: 20:00etan aurrenekoa eta 22:00etan bigarrena. Lehen txandako sarrerak berehala agortu ziren, eta bigarrenerakoak, hurrengo egunean. Dena prest dago beraz, urteko gau berezienaz gozatzeko herriko kaleetan.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskal kondairak oholtzara igoko dira Ataunen

Euskal kondairak oholtzara igoko dira Ataunen