Ostatuak, herri txikien bizia

Gipuzkoako udalerri ia guztietan daude herriko tabernak, kontseju edo ostatu izenez ere ezagutzen direnak

Abaltzisketako ostatuak zerbitzu ugari eskaintzen ditu. Dutxa ere aurki dezakete bertan menditik bueltan datozenek./NUÑEZ
Abaltzisketako ostatuak zerbitzu ugari eskaintzen ditu. Dutxa ere aurki dezakete bertan menditik bueltan datozenek. / NUÑEZ
AGURTZANE NUÑEZ

«Herriari bizia ematen diogu, eta herriak bizia ematen digu». Horrela borobiltzen du Orendaingo ostatuko Paulo Garaialdek egiten duten lana. Gipuzkoan ia herri guztietan daude herriko tabernak, kontseju edo ostatu izenez ere ezagutzen direnak. Udaletxeko eraikin berean daude askotan, antzina egiten zuten zerbitzuen erakusle: normalean familia bat bizi zen tabernaren ondoan edo gainean zuten etxean, eta udaleko bandoak zein posta banatzeko ardura ere izaten zuten. Herritarren bilerentzako lekua ere izaten zen, hortik kontseju ere deitu izatea herri batzuetan. Egun, gehienak taberna eta jatetxe zerbitzuarekin geratu dira, baina badaude oraindik ostatua, denda edota dutxa zerbitzua dutenak.

Orendaingoak ez du dendarik, baina Garaialdek onartzen du herritarrek faltan dituzten produktuak ere saltzen dizkietela, «gatza, limoiak, eta abar eskatzen badizkigute arazorik gabe ematen dizkiegu», herriko saltoki bakarra baita. Ostatu batzuetan ogia saltzen dute, baina badira ere denda dutenak.

Garaialdek herritarrek tabernarekin duten inplikazioa azpimarratzen du. «Ez dago beste dendarik edo tabernarik. Beraien parte hartzea garrantzitsua da herriari eta ostatuari bizia emateko». Hogeita bost urte daramatza herrian lanean eta ongi ezagutzen ditu bezeroak, baita alderantziz ere. «Herritarrak hemen egiten dituzte bilera asko ekintzak antolatzeko, oso herri bizia da Orendain. Eta herritarrentzako enkarguak hartzen ditugu, norbaiti zerbait utzi behar badiote hona ekartzen dute», azaltzen du.

«Herritarren parte hartzea garrantzitsua da herriari eta ostatuari bizia emateko» paulo garaialde, orendaingo ostatua

Bere eskaintza ere zabaldu behar izan du urte horietan guztietan: «Eguneratuta egon behar gara, orain 58 likore ezberdin ditugu eta hainbat whisky ere bai», dio, bezeroek izan duten garapenaren erakusle. Nola ez, ostatuek ere zerbitzu berrietara egokitu behar izan dute, eta doako wifia eskaintzen dute Orendainen, inguruko hainbatetan bezala.

Herriko denda bakarra

Ikaztegietan, esaterako, tabernaren barruan dago herriko denda bakarra. Eguneroko edozein produktu ditu salgai Costantin Cosmin Suciuk, urdaitegia, garbiketa produktuak, gozokiak eta abar. «Ordutegia badugu, baina haurrak goxokiak erostera etortzen direnez, azkenean tabernaren ordutegi bera dauka dendak, herriko bakarra da-eta», dio. Udaletxe zaharraren beheko lokalean dago kokatuta ostatua, eta gainean elkartea dago. «Normalean udalak antolatutako bazkari edo afariak hemen egiten dira, baina herritarrak ere egiten dituzte hemen bazkariak, ez soilik elkartean», azaltzen du.

Suciuk eta Garaialdek ostatuak eskatzen duten ordutegi zabala azpimarratzen dute. Ikaztegietan goizeko 9:00etan irekitzen dute egunero, eta «kontratuz 22:00ak arte egon behar gara irekita, baina bezeroren bat badago, gauerdira arte edo gehiago egoten gara», dio Suciuk. «Egunero hamalau ordutik gora egoten gara», diote Orendainen.

Bisitarientzako logelak

Ostatuei izena ematen diena, hain zuzen, herrira etortzen direnei gaua pasatzeko aukera ematea da, herri guztietan ez baitaude hotelak edo azken urteetan sortu diren nekazalturismoak. Duela urtebete pasatxo hartu zuen Suciuk Ikaztegietako ostatuaren kudeaketa, taberna eta jatetxearekin batera denda eta logelak dituen bakanetakoa. «Denetarik etortzen da», turistak zein bertako jendea gaua pasatzea bertako lau logelatan. «Denak bikoitzak dira, baina batean birentzako-ohea dugu, bezeroek hala eskatzen zigutelako».

Gabirian ere, Juan Karlos Cortak zuzentzen duen ostatuan logelak prestatzen ari dira bisitarientzako, jatetxea eta bertako produktuen denda martxan jarri eta gero. «Sei logela inguru izango ditu, agian baten bat gehiago, orain ari dira lanak egiten eta datorren urtean irekiko da», azaltzen du.

Bertako produktuen denda ere badute: «Herriko produktuak dira, udan barazkiak, tomateak, eta abar, eta neguan hurrak, intxaurrak eta gazta, batez ere. Baina norbait ogi bila badator ere ematen diogu. Gu ere jatetxerako produktuak herriko ekoizleei erosten saiatzen gara».

Funtzio asko betetzen dituzte ostatuek. Gabiriako eta Abaltzisketako eskoletako haurrek, esate baterako, ostatuan bazkaltzen dute ikasturtean zehar

Herria bizirik mantentzeko duten modua da, hein batean. «Herriko gazteek hemen egiten dituzte bilerak. Larunbatetan, herriko jaiak eta bestelako ekitaldiak antolatzeko hemen elkartzen dira», dio Gabiriako Ostatuko Juan Karlos Cortak. Eskolako haurrek ikasturtean zehar bertan bazkaltzen dute ere.

Dutxatik interpretazio zentrora

Tabernako eraikin berean dago hain justu Abaltzisketako eskola txikia, eta ikasleak ere ostatuan bazkaltzen dute egunero. Ondoren, sotoan duten jolas-tokian aritzen dira berriro eskolara bueltatu arte. Tabernak duen terrazan jolas-parkea ere badute, orain eskolarako bereziki berritzen ari direna. Eta laster terraza berria izango dute, estalpe berria kristalezko itxiturarekin egiten ari baita Udala.

Abaltzisketa Txindokiren magalean kokatutako herria izanik, asteburuero mendizale ugari gerturatzen dira ibilaldiak egitera. Hori dela eta, menditik bueltatzen direnentzako dutxa zerbitzua eskaintzen dute. «Herriari eta bisitariei zerbitzu bat eskaintzen diegu, batez ere astegunetan, irekita dagoen taberna bakarra garelako. Lehen denda ere bazegoen, baina uztaila hasieran itxi zen», diote Jonathan Valdiviesok eta Maria Egunezek. Bikote abaltzisketarrak hiru urte daramatza tabernan lanean eta Mariak herriko ileapaindegia ere badu, hori baita izatez bere lanbidea.

«Bisita gidatua egin nahi badute ordua hartzen diegu. Gero herriko gazteak antolatzen dira bisitak egiteko» iñaki agirre, altzoko ostatua

Ostatu berrienetakoa Altzokoa da, Segoretxe eraikinean kokatua. Herrian elkartea badagoen arren, leku berean zegoen jatetxe pribatua itxi zenean udalak eraikina erosi zuen herritarrei zein bisitariei zerbitzua emanten jarraitzeko. Zaharberritze lanen ondoren udaberrian ireki zen Iñaki Agirre eta Mari Carmen Menorren gidaritzapean. «Tabernan bertan denda txiki bat dugu, eta ahal dugun heinean herriko produktuak erosten ditugu. Erabiltzen ditugun esnekiak eta babarrunak, esaterako, herrikoak dira», dio Agirrek. Herriko zerbitzu bakarra izanik, herrian antolatzen diren ekitaldietako zeharkako antolakuntzan laguntzen dute: «Oharrak jasotzen ditugu, edota afari edo bazkarietarako zerrendak eta txartelak saltzen ditugu», diote Iñakik eta alaba Maitanek.

Gainera, goiko solairuan etorkizunean logelak egiteko asmoa dago eta Altzoko Handiaren inguruko turismo bulegoa ere badute. «Bisitariei lehenengo azalpenak ematen dizkiegu eta bisita gidatua egin nahi badute ordua hartzen diegu. Gero herriko gazteak dira beraien artean antolatzen direnak bisitak egiteko. Interpretazio zentroarekin zein gurekin izan duten inplikazioa eta egiten duten lana eskertzekoa da».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos