Zarautz
Txupinazo alaia jaiei hasiera ematekoSan Pelaio. Itzalaren bila hasi zituzten jaiak herritarrek astearte eguerdian; zaindariaren eguna ekitaldi ugarirekin ospatuko dute
Eguzkipean hasi zituzten astearte eguerdian zarauztarrek herriko zaindariaren jaiak, San Pelaioak. Itzalaren bila ibili ziren herritarrak udaletxeko batzar aretoan arratsaldean Haurren Agerraldiko Danbor Nagusia izango zen Maddi Garcia Alustizari Xabier Txurruka alkateak aginte makila ematen zion bitartean.
Ordutegia bikain beteta, 12:00ak jotzen zituzten bitartean, udaletxeko balkoitik suririak eta txupinazoa botatzen zituzten, Lege Zaharrean bildu ziren denen pozerako. Jaiak abiatu ziren eta Igandea txarangaren lehen doinuak entzutean, gorputza mugitzeko gogoa piztu zen denen artean.
Udaletxeko solairu bat beherago, Agerraldiko beste zuzendariak kalean zeuden haurrentzat opari bat prest zuten, goxoki banaketa. Eguzki beroa izan arren denak borrokan ibili ziren etxera zerbait gozoa eramateko asmoarekin. Eta jarraian erraldoi eta buruhandien laguntzarekin kalejirari ekin zitzaion.
Haur Kultur Taldeko kideak gidatuta urteroko ohitura jarraituko zuten kalejiran zihoazenak. Zigordiatik, Musika Plazara eta bertatik Ipar kalea eta Santa Marina kaleak zeharkatuz, bertako ermitara zuzendu zituzten euren oinak.
Han haurren danborradako zuzendariak lore-sorta bat eskaini zioten Santa Marinari, festak babestu ditzan Pelaioren laguntzarekin. Azken honen ereserkiak eman zion ekitaldi honi amaiera eta ondoren eguardian zehar, kalez kale ibiliko ziren atsedenerako unea heldu bitartean, txaranga, erraldoi eta buruhandiekin batera.
San Pelaio eguna
San Pelaio bezperak bestelako kontu ugari ere ekarriko zituen. Haurren agerraldia eta gaueko herriko elkarteen danborrada besteak beste eta asteazkenhonetan, ekainak 26, San Pelaio eguna ospatzen dugu. Goizeko 9:00etan, Diana izango da trikitilari eta dultzaineroekin. Aldi berean, Iñurritzan, Goiz Eresia txistulariekin.
11:30ean, Lege Zaharren enparantzan, Erraldoi eta Buruhandien Zarauzko VI. Topaketa. 11:00etan, San Pelaio ermitan, Meza Nagusia. 12:00etan, Topaketan parte hartzen duten erraldoi eta buruhandien kalejira 12:30ean, Iñurritzako zelaian, Aurreskua, Iñurritzako gazteek eskainia. 13:00etan, Merkatu plazako lehen solairuan, Zarauzko Musika Bandaren kontzertua.
Arratsaldea iristean, 17:30ean, kalejira Musika Plazatik aterako da Iñurritzara joateko, Ustekabe txaranga, eta Zarautz'trik trikitilariak eta Lizarrako dultzaineroekin. 18:00etan Iñurritzako zelaian, erromeriari emango zaio hasiera, Erromeria.eus taldearekin.
20:00etan, arrakasta itzela izaten duek ekimen bat, Larrain-Dantza Herrikoia hain zuzen, Lizarrako dultzaineroekin. Kalejira 20:30ean aterako da Iñurritzatik Musika Plazara itzultzeko. Eta 22:30ean, Musika Plazan, dantzaldia, Akerbeltz taldearekin.
Ordu berean Iñurritzan, erromeria, Izer eta Alabierrekin.