

Secciones
Servicios
Destacamos
Xabier de la Linde García
Irun
Domingo, 4 de mayo 2025, 02:00
Euria egin arren, «oso babestuta» sentitu zen Oihana Recalde irundarra pasa den urteko Sagarfestan, Olaberrian duen sagastia aurkezteko egindako jaialdian. Aurten, bigarren sagasti bat irekiko du Meaka auzoan eta herritarrei hura erakusteko beste festa bat egingo du maiatzaren 18an. Sagarrondoak «txikiak» izan arren, loretsuak egongo direla aurreratzen du 26 urteko ekintzaileak: «Oso polita izango da».
2023an landatutako zuhaitzak dira Meakakoak, sistema estrukturalean antolatuta gehienak. Sagarrondo bakan batzuk, aldiz, lotu gabe utzi ditu, modu tradizionalean hazi daitezen. Honenbestez, sagasti berri honekin osatu du Recaldek hasieran buruan zuen egitasmoa: «Intentzioa momentuz horrela gelditzea da. Zortzi hektarea eta erdi sagasti ditut guztira», dio.
Sagarfestaren bigarren edizioa goizeko 10.00etan hasiko da, bertako artista eta artisauen parte hartzearekin. Behin sagastia ikusita, ibilaldia egingo dute Ola Sagardotegiraino, bertan txotxa egiteko. Iaz ez bezala, aurtengoan sagardoa lortzeko prozesuaren nondik norakoak azalduko dituzte Olan. «Jendearengan sagardoarekiko interesa piztea da ideia», argudiatzen du Recaldek. Jaialdirako sarrerek 10 euroko «prezio sinbolikoa» dute, irabazitakoa gastuak estaltzera bideratuko baita.
Besteak beste, tokiko produktugileak diren Miriam Merino (Mirimeba Design), Rebeca (RE Handmade Jewelry), Alian (dekorazioa), Antton Anuncibay (N1 Creations), Joseba Olaskoaga (Baxerri argazkilaria) eta Artkham crochet artisauak izango dira aurtengo edizioan. Festa girotzen, berriz, Auntza eskolako trikitilariak arituko dira.
Oihana Recaldek 19 urterekin jarri zuen martxan Sagarrek izeneko proiektua. Albaitari izateko nahia izanagatik, familiak Olaberriako baserri zahar bat eraberritu eta ondoko lursailean sagardotarako euskal sagar ekologikoak ekoizteko apustua egin zuen. Hasieran jakin ez arren, dokumentu historikoak irakurtzen jakin zuten 1490ean ere sagastiak izan zirela bertan. «Horrek esan nahi du lur egokiak direla sagastietarako. Horien erabilpen historikoa berreskuratzen ari gara», aipatzen du irundarrak.
Sagarren ekoizpena ez ezik, etorkizun hurbilean bestelako egitasmoak martxan jartzeko gogoak ditu Recaldek. Besteak beste, Sagarlagun izeneko ideia darabil buruan, inguruko eskoletan lehen sektoreko gai batzuk (polinizazioa, oxigenoa...) hezkuntza ez formalaren bitartez lantzeko. Halaber, bisita gidatuak egiteko eta haurrekin zein adineko pertsonekin ekintzak antolatzeko asmoa ere azaldu du: «Ez dakit noraino iritsiko naizen, baina gaztea naiz eta edozertarako prest nago».
Tarteka anaiaren eta muti-lagunaren laguntza jasotzen badu ere, argi du egin nahi dituen proiektuak aurrera eramateko esku gehiago beharko dituela. «Lan talde bat osatu beharko dudala mentalizatzen ari naiz», onartzen du Recaldek.
Gaur gaurkoz, Recaldek ez du sagardoa ekoizten hasteko betarik ikusten. 3.800 sagarrondo baino gehiago ditu bi sagastietan, baina «produkzioa txikia da, zuhaitzak oso gazteak direlako». «Oraingoz ez gara arriskatuko, sagardoa ekoizteak inbertsio oso altua (makinak, instalazioak...) eskatzen du», argudiatzen du ekintzaileak.
Iaz 1.000 kilo sagar bildu zituen, Olari saldu zizkionak. Recalderen hitzetan, egun sagar kiloa 33 zentimotan ordaintzen da. «Pasa den urtean 330 euro atera nituen sagarrekin. Ez du ezertarako ematen», dio irundarrak. Hain zuzen, erakundeek berea bezalako ustiapenak eraikitzeko dirulaguntzak eman bai, baina bertako produktuak ez dituztela babesten salatzen du. «Sortzen dugun produktua ezin badugu merkaturatu, zertarako ari gara lanean?», dio etsituta.
Sagarrek-eko arduraduna bat dator lehen sektorearen egoera «zaila» dela diotenekin. Gazteak landa munduan sartzeko «beldur» direla dio eta bera atzerrian lanean ibili zenean aurreztutako diruari esker mantentzen dela onartzen du. «Martxan ditudan egitasmoak aurrera ez badoaz, beste lanen bat bilatu beharko dut», dio atsekabez.
Publicidad
Juan Manuel Sotillos e Iris Moreno
Iñigo Puerta | San Sebastián
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.