Urriaren 7an abiatuko da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa
Zortzi saio izango dira denera, beste horrenbeste udalerritan, 24 bertsolarirekin, eta finala Iruñean jokatuko da, abenduaren 2an
I. A.
Donostia
Astelehena, 18 iraila 2023, 17:57
Urriaren 7an abiatuko da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Guztira 29 bertsolarik eman dute izena aurtengo txapelketan, eta behin aurre-kanporaketak igarota, 24 izanen dira Iruritan abiatuko den ibilbidean. Txapelketak zortzi saio izango ditu beste horrenbeste udalerritan. Izan ere, Nafarroako Bertsozale Elkarteak bere egitasmoa eta bertsolaritza Nafarroako lurralde osora hedatzeko apustuan urrats berri bat emango du aurtengo txapelketarekin.
Lau final-laurden izango dira guztira, Iruritan, Vianan (txapelketaren historian lehen aldiz), Uharten eta Agoitzen. Hor ariko diren 24 bertsolaritatik 18k egingo dute aurrera, finalaurrekoetara. Fase horretan hiru saio izango dira, Altsasun, Agoitzen eta Lesakan. Azkenik, Iruñean jokatuko da finala, abenduaren 2an, larunbatez, Anaitasuna kiroldegian. Zortzi bertsolari ariko dira bertan, finalaurrekotatik sailkatutakoak. Zortzi horien artean, saioan zehar puntuaziorik altuena lortzen duten bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute eta hor erabakiko da 2023ko txapelduna.
Parte hartzaileei dagokionez, lau txapelketan estreinakoz izanen dira (Beñat Astiz, Bittori Elizalde, Eki Mateorena eta Fernando Ziganda), eta beraiekin, aspalditik parte hartzen duten beste hainbat ere. Aurten, gainera, lau txapeldun ariko dira: Julen Zelaieta, Julio Soto, Xabier Silveira eta egungo txapelduna den Saioa Alkaiza.
Sarrera guztiak eskuragai daude jada www.bertsosarrerak.eus atarian. Saioen egunean bertan ere jarriko dira leihatilan salgai, beti ere Internet bidezko salmentan agortu ez badira. 17:30ean hasiko dira saio guztiak, salbu eta finala, 17:00etan hasiko dena.