Urgente Norris acaba con el reinado de Verstappen
Serena Williams, aste honetan Oviedon. EFE

Serenissima Williams

Begoña del Teso

San Sebastián

Domingo, 26 de octubre 2025, 12:38

Asturiaseko Printzesa saria eman diote. Askoz altuagoa da ordea gorentasun honen maila. Izan ere, Serena Jameka Williams denbora luzez izan da teniseko munduaren erregina. Urteak pasa ditu pistetan eta inork ezin izan du tronutik kendu. Izan ere, berak utzi egin zuen bere kabuz, kasa eta nahiaz erreinua, gutako askok betirako gogoratuko dugun 2022ko irailaren 2an, 41 urte zituela. Estatu Batuetako Irekian despeditu zen. Ez zuen azken partida irabazi, 5-7, 7-6(4) y 1-6 galdu baizik australiarra bada ere, sustraiak Kroazian dituen Ajla Tomljanović-en aurrean. Hiru ordu eta bost minutu iraun zuen partida berebiziko hark eta jendeari ez zion inporta Serenak galdu izanak, ordurako bizitzak eta kirolak luzaturiko erronka guztiak gainditurik baitzituen.

Publicidad

Asturiaseko Printzesa saria jaso berri du Serenissima Williams gorentasunak. 39 titulu handi (handienak, izan ere) lortu izan ditu. 23 banakako binakakoetan, berriz besteak, askotan hain ona den Venus ahizparekin bikote garaiezina osatzen…

Emakume puska honek emakumezko tenisaren manerak hankaz gora jarri zituen. Azpikoz gora. Irauli. Estreinakoz pistan agertu orduko, ordura arte jakintzat ematen zenak ez zuen ezertarako balio izan. Baleko jotzen zen oro pikutara bidali zuen Serenak. Ikaragarria, markaz fuerakoa zen kolpe bakoitzean erakusten zuen indarra. Ez naiz buru indarraz ari fisikoaz baizik. Izugarria. Aparta. Geldiezinezkoa. Kantxaren leku batetik bestera doan 'gurutzatua 'izena duen kolpe bereak ez zuen igualik. Bere sakea sinesgaitza egiten zitzaien bai ikusleei, bai adituei bai lehiakideei bai epaileei. Gorputza eramaten zuen kantxan beste dimentsio batera, besteek ezagutzen ez zuten dimentsio batera, hain zuzen ere. Eta dimentsio horretatik bidaltzen zituen kolpeak erabat suntsitzaileak ziren.

Hori guztia indar fisikoari dagokiolarik baina kontu bera buru ahalmenaz. Australiako Irekia irabazi zuen 2017an. Inork ez bazekien ere, haurdun zen. Baziren 20 aste Olympia izango zen bere alaba lehena sabelean zuela. Bigarren alabaz zesareaz erditu zela, arazoa larriak izan zituen. Hil hurren izan zen. Baina iskin egin zion heriotzari.

Sendatu eta gero, Roland Garroseko kantxara bueltatu zen. Bitxia zen janzten zuen ekipamendua, gorputz osokoa, beltza, odol-zirkulazioa erraztu eta lagunduko zuena. Roland Garroseko antolatzaileek jantzi hori aurrerantzean debekatuko zutela erabaki zuten serio. Tenisean aritzen zen emakume bakar batek ere ezingo luke jantzi. Ezta bere osasun fisikorako bazen ere. Emakume tenislariak biltzen dituen Nazioarteko Erakundea (WTA) kexu agertu zen, matxismoa salatuz. Atzera jo behar zuten Roland Garrosekoek. Baita beste torneoek ere. Egun, konpresio-prakak baimenduak daude kantxa guztietan. Are gehiago, erditzen diren tenislariek badute babesa berezia, erditu aurretik rankingean zeukaten postuari eutsi ahal izateko. Hori guztia Serenari esker. Serenak ez zuen umorea galdu gatazka honen bitartean. Debekua ezarri zioteneko hurrengo partida, Estatu Batuetako Irekian, alegia, Nikek diseinaturiko tutu beltz batez jokatu zuen…

Publicidad

Asturiaseko Printzesa saria jaso du teniseko erreginak, erretiroa hartua badu ere, beste guztien gainetik dagoen eme markaz kanpokoak, zeinak (baieztatu sarean dauden irudietan) pistara atera orduko, lehiakide guztiak seko kikiltzen zituena. Zure alabantzetan gaituzu, Maiestate.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad