Sarai Roblesek irabazi du Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketa
Azaroaren 4an Altsasun jokatuko den finalaurrekorako txartel zuzena eskuratu du Barañaingo bertsolariak
I. A.
Donostia
Igandea, 8 urria 2023, 17:29
Iruritan jokatu da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen saioa, bertako Gizarte Bilgunean. Sei bertsolari aritu dira kantuan: Saioa Alkaiza Guallar, Idoia Granizo Uribarrena, Sarai Robles, Ekain Alegre, Enerko Fernandez Maritxalar eta Egoitz Gorosterrazu Elizagoien. Gai-jartzaile lanak, aldiz, Maialen Belarrak egin ditu.
Saio puntuagarriaren ostean, Sarai Roblesek lortu du puntu gehien (354), eta hortaz, azaroaren 4an Altsasun jokatuko den lehen finalaurrekorako txartela eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Saioa Alkaiza (333), Idoia Granizo (328,5), Ekain Alegre Gil (324), Eneko Fernandez (320,5), eta Egoitz Gorosterrazu (291,5).
140 bat bertsozale elkartu dira bertan, saioa zuzenean jarraitzeko. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Baztango Udalaren eta Iruritako herriaren laguntza izan du saioa antolatzeko.
Hurrengo saioak
Nafarroako Bertsolari Txapelketak hurrengo larunbatean segituko du, Vianan jokatuko den saioarekin. Herri horretako Kultur Etxean izango da saioa, 17:30ean. Han ariko dira kantuan Julio Soto Ezkurdia, Xabat Illarregi Marzol, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Patxi Castillo Graciarena, Urko Gartzia Aleman eta Aitor Irastortza Arrizubieta, Zigor Gartzia Arregi «Zian» gai-jartzailearen aginduetra. Uharteko (urriak 15) eta Leitzako (urriak 21) saioek osatuko dute final-laurdenen fasea. Guztira, 18 bertsolari pasako dira finalaurrekoetara, txapelketan abiatuko diren 24etatik.
Lau final-laurden eta hiru finalaurrekoren ostean, abenduaren 2an jarriko zaio azken puntua txapelketari, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalarekin. Orduan izendatuko da 2023ko Nafarroako txapelduna.
Saio guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko, www.bertsosarrerak.eus atarian.