'Mare Clausum: Norena da itsasoa' eraskusketak bisita gidatuak eskainiko ditu
Euskal Itsas Museoak itsasoa aitzaki sortutako gatazken inguruan hausnarketa sustatu nahi du
I. Altuna
Donostia
Larunbata, 20 uztaila 2024, 12:53
Donostiako portuan kokatzen den Euskal Itsas Museoak hilabete hasieran zabaldu zuen 'Mare Clausum: Norena da itsasoa?' aldi baterako erakusketa. Bertan, itsasoaren ingurun historian zehar izan diren lehiak azaltzen dira. Helburua, hausnarketa eragitea da: batetik, 'norena da itsasoa?' galderaren atzean dauden eta gaur egunean ere pil-pilean darraiten gai konplexuei buruzkoa eta, bestetik, Europak zazpi mendetan zehar munduko ozeano guztietan barrena buruturiko hedapen eta menderakuntzan Euskal Herriak izandako erantzukizun erabakigarriaren ingurukoa.
'Mare Clausum: Norena da itsasoa?' 2025ko azaroaren 2ra arte bisitatzeko aukera izango da, asteartetik-larunbatera, 10:00-14:00 eta 16:00-19:00 ordutegian, eta igande eta jaiegunetan 11:00-14:00 eta 16:00-19:00 bitartatean. Nahi duenak, bisita gidatua erreserbatzeko aukera ere izango du, erakusketa sakontasunean ezagutzeko. Horretarako 943 43 00 51 telefonora deitu beharko da, edo erreserba museoaren webgunearen bidez egin.
Erakusketari buruz
Historiaren hasieratik hainbat zibilizazio borrokatu izan dira itsasbideen eta itsas baliabideen ustiapenaren gaineko nagusigoa eskuratzeko lehian. Lehia horrek bizi-bizirik jarraitzen du gaur egungo geopolitika- eta ingurumen-arazoetan ere.
Gatazka hauek itsas ondare garrantzitsua sortarazi dute, gaur egunera arte iritsi dena. Erakusketa honek pieza multzo garrantzitsu bat biltzen du, hala nola, itsas guduetan eta koloniar gerretan erabilitako armak eta ikurrak, antzinako jabetza kolonialen mapak, itsasoz harainditik iritsitako objektu exotiko bikainak, nabigazio ozeanikoetan funtsezkoak diren ohiko lanabes eta tresnak, eta abar. Hainbat artelan eder ere goraipatzekoak dira, besteak beste, Manuel de Agote getariarraren, euskal esploratzaile eta itsasgizon ilustratu handienetakoa izan zenaren margolanak, hainbat txinatarren irudiak biltzen dituztenak, edo erlijio-urregintzako pieza zoragarri bat, guztiak XVIII. Mendekoak.