Kultur sorkuntzarako beka aurkeztu dute Korrika kulturalak
Deialdia 23. Korrikari begirakoa da eta proposamenak 2021eko urriaren eta 2022ko urtarrilaren artean aurkeztu beharko dira
El Diario VAsco
Donostia
Ostirala, 16 apirila 2021, 12:20
AEK-k, Korrika kulturalaren bidez, «euskal kulturaren sustapena» eta «euskararen berreskurapena eta normalizazioa» helburu dituen deialdia aurkeztu zuten atzo goizean. Zehazki, 23. Korrikatik aurrera «Korrika kulturaleko ekitaldi nagusia taxutzea» da bekaren xedea, «euskal kulturaren baitako sormen-lanak bultzatuz».
2021ean egitekoa zen Korrikaren 22. edizioko atzerapena tartean, antolatzaileek 23. Korrikaren ikasturtea ere atzeratzea erabaki dute, «edizioen zikloa aldatuz eta bi urterik behingo maiztasunari eutsita». Hau da, kultur sorkuntzarako beka deialdia bi urtean behin egingo da sormen-lanak jaso, plazaratu eta bultzatzeko. Honen bitartez Korrikak eta AEK-k euskal kulturari egiten dioten kultur eskaintzan beste ekarpen bat egin nahi dute.
Aurkeztutako proiektuetatik antolatzaileek eratutako epaimahaiak bat aukeratuko du eta sarituak 23.000 euroko beka jasoko du.
Proposamenak udazkenetik urtarrila arte
Beka-deialdian parte hartzeko dokumentazioa 2021ko urriaren eta 2022eko urtarrilaren artean aurkeztu beharko da eta irabazlearen berri 2022ko apirilean jakingo da. Honek urtebeteko epea izango du lana prestatzeko. Azkenik, 23. Korrika kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2023ko azarotik 2024ko apirilaren 2ra bitartean, hain zuzen.
Ekimenek helarazi behar duten dokumentazioak lau atal izan behar ditu ezinbestean: lanaren sinopsia, xede artistikoaren azalpena eta erabiliko diren baliabide teknikoak, lana zergatik den interesgarria eta, azkenik, sormen-lanaren aurkezpena.