'Kazetaritza euskaraz' unibertsitate diploma sortzeko lankidetza hitzarmena izenpetu dute
Lehen promozioak 11 kazetari trebatuko ditu
I. A.
Donostia
Larunbata, 28 urria 2023, 17:14
Euskararen Erakunde Publikoak, Paueko eta Aturri Herrialdeetako Unibertsitateak, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Bordele-Akitania Kazetaritza Institutuak elkarrekin lan egin dute 'Kazetaritza euskaraz' Unibertsitate Diploma sortzeko. Lankidetza hitzarmena ofizialki aste honetan izenpetu dute erakunde guztieek. Formakuntza Irailean abiatu zen eta lehen promozioa etorkizuneko 11 kazetari trebatzen ari da.
Txandaka egingo den bi urteko formakuntza profesionalak diploma bat eskuratzeko aukera emango die ikasleei, eta formakuntza zikloak hiru eremutan gaitasuna hartzea ziurtatuko die, euskaran, kazetari lanbidean eta lurraldearen ezagutzan, hain zuzen ere.
Hitzarmenaren sinatzaileen hitzetan, «gaur egun, euskararen presentzia garatzen ari da hedabideetan, euskarazko hedabideak garatzen ari direlako, baita gehienbat frantsesez jarduten duten hedabideetan euskarari ematen zaion lekuari esker ere. Hala ere, hedabideetan euskararen presentzia eta erabilpena garatzeko politikek eta gogoek, euskaldun profesionalak kontratatzeko zailtasunekin egiten dute topo»,ohartarazi dute.
'Kazetaritza euskaraz' unibertsitate diploma prozesu luze baten emaitza da, duela lau urte lehen pausuak ematen hasi baitzen. 2019an Euskararen Erakunde Publikoak lurraldeko komunikabideak biltzen dituen lantaldea abian jarriz hasi zen prozesu hau. Lantalde horrek datozen urteetarako kazetari euskaldunen behar handia identifikatu zuen, eta hortik heldu da aste honetan aurkeztu den ekimen berria.