Igandean estreinatuko da MAKUSIn 'Go!azen'eko 12. denboraldia
Basakabiko gaztetxoen abenturak biltzen dituen telesaila hurrengo ostiralean, azaroaren 14an, iritsiko da ETB1era
DV
Donostia
Ostirala, 7 azaroa 2025, 16:35
Igande honetan estreinatuko da 'Go!azen' telesaileko 12. denboraldia Makusin, EITBren haur eta gazteentzako plataforman. Udalekua guztiz aldatuta ikusiko dute ikusleek, Maitane zuzendariaren ideia berriekin eta adingabeen zentrotik etorritako gazteekin. EITB-ko iturriek adierazi dutenez, «aurtengo istorioekin, elkar ulertzearen eta taldean aritzearen garrantziaz ohartarazi nahi dira ikus-entzule gazteak».
Aurtengo denboraldian Maitanek (Nerea Arriola) udalekuari itxura berria eman nahiko dio. Bere asmoa izango da, esperientzia freskoagoa, dinamikoagoa eta bereziagoa sortzea, ideia berritzaile baten bidez. Baina, Maitaneren izaera ikusita, gauzak ez dira hain errazak izango: istiluak, haserreak eta emozioak ziurtatuta daude.
Basakabiko istorioetako protagonista izaten jarraituko dute, halaber, Oihane (Garazi Urkola), Izar (Irati Marin), Alaia (Adriana Sanchez) eta Bosko (Ander Ayerza) ikasle beteranoek. Hauei batuko zaizkie Karla (Ainhoa Tabuyo), Maren (Leire Nuñez), Roke (Jon Alonso), Azpi (Yan Pinto), Ekaitz (Josu Iriarte) eta Gaizka (Luken Urruzmendi). Aurtengo ikasleek nortasun handia dute, eta bakoitzak bere istorioa ekarriko du.
Denboraldi berriak umorea, adiskidetasuna, musika eta bizitzako erronka berriak uztartuko ditu, eta ikusle gazteei gogoraraziko die elkar ulertzea eta taldean aritzea dela garrantzitsuena. Gainera, istorio bakoitzak mezu positiboak eta hurbilak ekarriko ditu: nork bere lekua aurkitzeko borroka, laguntasunaren balioa eta desberdintasunen edertasuna. Halaber, egungo eta betiko euskal talde eta abeslarien kanten moldaketa berriak entzungo ditugu, Iker Laurobak eginak.
Hurrengo azaroaren 14tik aurrera Go!azen telesaila ikusgai izango da, ostiralero, ETB1en, 21:00etan.