Hizkuntzen biziberritzerako «pizkunde berri bat» eragiteko beharra aldarrikatu du ELEN-ek
Europako hizkuntza berdintasunerako sareak abenduaren 27ko ekimena babesteko deia egin du
I. A.
Donostia
Igandea, 16 azaroa 2025, 18:12
Europa osokoko hizkuntza-aktibisten 180 erakunde ordezkatzen dituzten 100 ordezkari bildu dira Bartzelonan ostiralean eta larunbatean, Europako Hizkuntz Berdintasunaren Sarearen (ELEN) 2025eko Batzar Orokorrean. ELEN hizkuntza gutxituak eta desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak babestu eta sustatzeko lan egiten duen Europako GKE sare handiena da. Bi egunez egin diren hitzaldi, mahainguru, aurkezpen eta eztabaida guztiak El Born kultur eta memoria zentroan izan dira.
Euskalgintzaren Kontseilutik jakinarazi dutenez, batzarrean abenduaren 27an Bilbon egingo den ekitaldia babesteko deia egin da, euskararen berpizkunde berri baterako indar kolektiboa sortzeko asmoz. Azaldu dutenez, euskarak «larrialdi linguistiko egoeran jarraitzen du egiturazko minorizazioaren ondorioz, eta azken urteetako oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoek bere koofizialtasuna eta hizkuntzapolitikako neurriak arriskuan jarri dituzte».
Honen aurrean, ELENek gogorarazi du «hizkuntzen berpizteko bidea beti hiztunen ekimenetik eta herri indarretik» etorri dela. Horrexegatik, abenduaren 27ko ekitaldiaren bidez Bilbo euskararen eta beste hizkuntza gutxituen aldeko topagune erraldoi bilakatzera deitu dute ELEN sarea osatzen duten eragileek, eta herritarren aktibazioa eta mobilizazioa eskatu dute hizkuntza gutxitu guztien normalizazioan eragiteko.
Aurtengo ELEN sarearen batzarra minorizatutako hizkuntzen biziberritze prozesuetan teknologia digitalek, komunikabideek eta sare sozialek duten garrantzian zentratu da. Europako txoko ezberdinetako politika eta praktika berritzaileak partekatu dira, eta berdintasun linguistikoaren mugimendua sendotzeko estrategiez eztabaidatu ere.
Gainera, ELENek Europar Batasunaren aurrean garatuko duen kanpaina-estrategia aurkeztu da, Nazio Batuetako gutxiengoen errelatore bereziarekin lankidetzan landutakoa. Tailerretan ere hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola sareko aktibismoa; etxebizitzaren arazoak hizkuntza-komunitateetan duen eragina; ELENen gazte-mugimenduaren garapena; edo Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren eguneratzea, besteak beste.