
Secciones
Servicios
Destacamos
Iritsi da gure pantailetara 'Mission: Impossible' sagaren zortzigarren atala. Badirudi, horrela esaten dute ia kronika guztiek, azkena izango dela. Hala ez bada, ez du inportik, gu beti prest Ethan Hunt agentearen edozein balentriaren testigu izateko. Lekuko eta konplize.
Diru/sarrera lehiatila azpikoz gora jarri duen atal honetan, besteetan nola, Tom Cruisek berak burutzen ditu ezin sinetsizkoak diruditen eszenak. Azken –aurrekoan, moto baten gainean zihoalarik jauzi egin zuen Norvegiako itsaslabar batetik. Hain ziren mugaz gaindikoak saltoa eta erronka ezen motorrak eta Tomek paraxuta baitzeramaten, lurrean ahalik eta errazenen pausatu ahal izateko.
Urteak ematen ditu Stanley Kubrickekin berarekin ere kolaboratu zuen Cruisek egin behar/nahi dituen ekintza horietarako prestatzen. Bai alde fisikotik bai hain markaz fuerakoa izango den exijentzia horri sano eta sasoian dagoen buru batekin erantzun ahal izateko.
Orain arte gauzatu dituen gogoratzeko moduko akzio orok badute oinarri sendoa zeluloidezkoa ez den mundu gurean; kementsu hainbatek praktikatzen dituzten muturreko kiroletako unibertsoan, hain zuzen ere.
Har dezagun etsenplu zortzigarren honetan jendea zor eta lor utzi duen biplano hegazkin biren gainean gertatzen den momentu arras ikusgarria, arnasa estutzen zaituena.
Bi abioi biplano ditugu, esana geratu da. Aspaldi zaharrekoak. Baroi Gorria eta antzeko hegazkingintzako aitzindariek gidatzen zituzten horietakoak. Badakizue, hegalak dituzte zabal samar eta egia esatearren, ez da hain arraroa norbaiti hegal horien gainean ibil daitekeenik otutzea… Hori bezalako okurrentzia batetik sortu zen egun Wing Walking (hegaletan ibiltzen…) izenaz ezagutua den kirol muturrekoa. Abioia airean dagoela, hegaletako ibiltari horiek ibili baino askoz gehiago egiten dute, haizea, altuera, mugimendua desafiatuz. Esango genuke surfeatzea baldin bada olatuen gainean ibiltzea, Wing Walking delakoa lainoen arteko oreka-jokoetan jardutea dela. Ez da, ez pentsa, bart jaiotako afizioa. 1920an sortu zen, abiazioa bere hastapenetan zela, altzairuzko hegazti berri haiek jendea txunditzen zuteneko garai miresgarri hartan. Agertu ziren orduan planeta honetako lau izkinetan Flying Circus (zirku hegalaria, hots) izeneko ikuskizunak, non, orain moduan, ezinezkoa zirudiena errealitatea bihurtzen zen altuetara so zegoen jendearen harridurarako.
Izugarriak dira gaur egungo Wing Walking jardueran sortzen diren jokoak. Egun, hasierako urte haietan ez zeramaten segurtasun-arnesa janzten dute praktikatzaileek. Tomek, jakina asko, ez du halakorik janzten pelikulan. Heroiek ez baitituzte segurtasun- neurriak hartzen. Larruzko jaka, prakak eta zapatak. Besterik ez. Hegazkin gorri batetik hegazkin hori batera (gaizkileak gidatua, nola ez…) egingo du salto eta han, lurzorutik hain urrun, abioia kontrolatzen saiatu. Kontrola lortzen ahalegindu… bizitza gordetzen ere bai. Ahal bada bederen.
225 kilometroko abiadura zuen haizea jasan behar izan zuen Cruisek. Ezin izaten zuen 12 minutu baino gehiago izan hegaletan, dantzan eta borrokan litekeena baitzen arnasa ezin hartzea eta, oxigenorik gabe itota, erori…
Ikaragarria da eszena. Era zeharo analogikoan filmatua. Analogikoan??!! Bai. Jakina filmatzeko teknologia aurretauena erabili izan zutela horren eskarmentu handikoa den Christopher McQuarrie zuzendariak eta bere talde teknikoak baina pantailan dauden irudietako bat ere ez ez da ordenagailu bitartez garatua. Dena da egiazkoa, haragi-hezur-altzairu-haizezkoa. Frogarik nahi? Hona hemen. Pasarte askotan haizeak desitxuratu egiten du Tomen aurpegia. Hori ez da efektu digital bat. Hor goian zaudela, zure gorputza elementuen jostailu bihurtzen da. Alturetan zaudela, barra batetik zintzilik ezin orrazkeraz arduratu ere ez. Hor goian den aktorea ez da izar meleka baizik ondo entrenaturiko goi mailako kirolari eta atleta, bizitza jokoan duena…
Seguru Wing Walking-en dihardutenek gozatu izan dutela eszena horrekin. Seguru Ainhoa Sanchezek imitatu nahiko duela. Bera, abioietako dantzaria da. Aspalditik. Aita du ingeniari aeronautikoa eta ama jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietan graduatua. Ainhoak hegazkingintzaren garai erromantikoak maite dituenez, Kalifornian eta Ingalaterran trebatu zen wing-walker moduan. 600 metroko alturan egiten ditu, orain, bere oreka-jokoak. Fundatu du klub propioa bat eta ikuskizunak antolatzen dituen aire dantzari bakarra da gure artean. Ainhoak hemen aipatu ez dugun horri egiten dio goraipamen noraezekoa: abioia gidatzen eta gobernatzen duen pilotuari, beste paregabeko akrobata.
Mission Impossible…Nork esan zuen abioi baten gainean ibiltzea ezinezkoa zenik?
Publicidad
Elene Arandia | San Sebastián y Oihana Huércanos Pizarro (gráficos)
Óscar Bellot | Madrid y Guillermo Villar
José A. González y Leticia Aróstegui (gráficos)
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.