Ezagutza zientifikoak eta bertsoak elkartuko dira igandean Azpeitian
Eli Pagola eta Julio Soto bertsolariek bertsoa eta errima jarriko diete Ainhoa Bereziartua, Cecilia Fernandez-Altonaga eta Gaskon Ibarretxe ikertzaileek proposatuko dituzten zientziakontuei
I. A.
Donostia
Ostirala, 24 urria 2025, 13:33
Atsotitzak esaera labur eta zorrotzak dira. Ateldi edo sententzia gisa har daitezke eta badira pentsaera jakin baten isla ere. Horietako bat da 'Jakinduriek mundue erreko dau' atsotitza, ezagutzarekiko mesfidantza agertzen duena. Igande honetan, baina, Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean erremedioa jarriko diote esaera zaharrari, ezagutza errimekin jantziz. bertsolaritza eta dibulgazio zientifikoa uztartuko dituen saio batetan.
Honela, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatiba herritarrak bertsozientzia ikuskizuna antolatu dute, non ezagutza zientifikoa eta errimak elkartuko diren eszenatokian. Idoia Torregarai kazetaria eta umoregilearen zuzendaritzapean, Eli Pagola eta Julio Soto bertsolariek Ainhoa Bereziartua, Cecilia Fernández -Altonaga eta Gaskon Ibarretxe ikertzaileek labur azaldutako gaiei buruz bertsoak botako dituzte.
Ainhoa Bereziartuak hiri -ingurunearen, airearen eta ongizatearen arteko loturaz hitz egingo du. Zehazki, aire kutsatuak gure burmuinari eta osasun mentalari ere eragin diezaiketela azalduko du, ez birikei soilik. Ondoren, Cecilia Fernandez-Altonaga hizkuntzalariak hizkuntza batzuk besteak baino zailagoak ote diren galderari helduko dio, hizkuntza -ikerketek eskaintzen dituzten ebidentziak oinarri hartuta. Azkenik, Gaskon Ibarretxek nerbio sistema birsortzeko ama zelulek duten gaitasunaz hitz egingo du.
Ezagutza zientifikoa eta bertsoak elkartuko dituen 'Jakinduriek mundue erreko dau' bertsozientzia saioa igandean ospatuko da Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean, 18:00etan. Sarrera doan izango da, edukiera bete.