Eusko Jaurlaritzak milioi bat euroko laguntza emango dio Tokikom SL enpresari
Proiektua Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren hizkuntza politika esparru estrategikoan kokatzen dela azaldu du
X. Sarriegi
Donostia
Igandea, 30 azaroa 2025, 20:30
Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak Tokikom S.L. enpresari milioi euroko diru laguntza zuzena bideratzea adostu du bere azken bileran, «2025. urtean eskualdeetako komunikazio proiektu lehiakorrak garatzeko».
Zehazkiago, ekimenaren helburua da «euskarazko tokiko hedabideak elkarlanean aritzera bultzatzea, saretzea eta inguru digital berrietara egokitzeko gaitasuna indartzea, herritar gehiagorengana iritsi ahal izateko», Jaurlaritzatik adierazi dutenez.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren hizkuntza politika esparru estrategikoan kokatzen da Tokikomen proiektua, sailetik bultzatutako dekretu eta plan ezberdinek jasotzen baitute euskararen presentzia indartu beharra komunikabideetan, ingurune digitalean eta gizartean, oro har.
Gainera, Jaurlaritzaren arabera, egungo testuinguruan gertatzen ari diren komunikazio eta kontsumo digitalaren aldaketek «tokiko hedabideen arteko lankidetza, baliabide partekatuak eta audientzia berrietara egokitutako formatuak eskatzen dituzte». Hori dela eta, Jaurlaritzak beharrezkotzat jotzen du proiektu hau diruz laguntzea.
5,5 milioi euro atzerriko ikasleei hizkuntza indartzeko
Bilera berean, Eusko Jaurlaritzak hizkuntza indartzeko programak garatzeko dirulaguntzen deialdia arautzen duen agindua ere onartu zuen Gobernu Kontseiluan. Hala, 5.508.931 euroko partida erabiliko da euskara edo gaztelania ez jakiteagatik komunikatzeko zailtasunak dituzten itunpeko ikastetxeetara sartu berri diren ikasleek ikaskuntzan aurrera egin dezaten. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenak azpimarratu duenez, «hizkuntza indartzeko inbertsioa % 55igo da aurreko ekitaldiarekin alderatuta».