Euskarazko tesien Koldo Mitxelena sariak unibertsitate guztietara zabaldu dira lehen aldiz
Eskariak aurkezteko epea irailaren 15ean hasi eta urriaren 6an amaituko da
DV
Donostia
Larunbata, 13 iraila 2025, 17:47
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Euskaltzaindiak euskaraz egindako ikerketak bultzatzeko asmoz sorturiko Euskarazko Doktorego Tesien Koldo Mitxelena Sarietarako deialdi berria egin dute, lehen aldiz unibertsitate guztietara zabalduta, Euskaltzaindiko iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.
Bi erakundeek bi urtez bat antolatzen dituzten sarien bederatzigarren deialdia da aurtengoa, eta irabazle bana esleituko da bost jakintza arlo nagusietan: Arteak eta Giza Zientziak, Gizarte eta Lege Zientziak, Osasun Zientziak, Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura. Arlo bakoitzetik irabazle bakarra izango da eta bost irabazleei diploma eta 3.000 euro gordineko sari bana emango zaie,
Horrela, EHUn 2022ko irailaren 1etik 2025eko uztailaren 31ra artean euskaraz idatzi eta defendaturiko doktorego tesiak aurkeztu ahal izango dira deialdi honetara, eta, lehen aldiz, Europar Tesi edo Nazioarteko Tesi gisa beste unibertsitate batzuetan aurkezturiko lanak ere onartuko dira, unibertsitatea zeinahi dela ere (tesian erabilitako hizkuntzetako batek euskara izan beharko du, noski).
Tesia defendatu duen doktoreak berak aurkeztu behar du bere hautagaitza, eskabide orria eta tesiaren kopia bat agertuz. Eskariak aurkezteko epea datorren astelehenean irekiko da, irailaren 15ean, eta urriaren 6ra arte zabalik egongo da.
Euskaltzaindiako iturriak argitu dutenez, «epaimahaiak ez du tesiaren edukia epaituko, tesian erabili den euskararen kalitatea baizik, eta, behar izanez gero, tesiak komunitate zientifikoan lortutako eragina». Horretarako, batez ere idazkuntza moldean eta terminologian eginiko ekarpenak kontuan hartuko dira.
EHUn 546 doktorego tesi aurkeztu ziren joan den urtean, eta horietatik 92 euskaraz izan ziren (horietako 57k nazioarteko aipamena izan zuten).
Euskaltzaindiaren arabera, euskarazko tesien ekarpena bikoitza da: alde batetik, beste hizkuntza batzuetan eginiko gainerako tesiek bezala, jakintzaren sakontzea eta zabaltzea ahalbidetzen dute, eta, bestetik, euskararen normalizazioaren prozesurako ezinbestekoak diren laguntzak eskaintzen dituzte.