Euskaltzaindiari zuzendutako bi dirulaguntza onartu ditu Aldundiak
Akademiaren jarduerarentzako eta Mintzola proiektua ordaintzekoa izango dira
I.A.
Donostia
Asteazkena, 24 uztaila 2024, 12:33
Gipuzkoako Foru Aldundiak 384.220 euroko laguntza emango dio Euskaltzaindiari. Horrela erabaki du asteazken honetan Diputatuen Kontseiluak. Zehazki, bi laguntza izango dira, bata, 225.220 eurokoa, akademiak 2024an izango dituen funtzionamendu- eta jarduera-gastuetarako, eta, bestea, 159.000 eurokoa, Mintzola proiektua ordaintzeko, ahozko hizkuntza kulturalak ikertu, sustatu eta zabaltzeko.
Aldundiko iturriek gogoratu dutenez, instituzioa presente egon da akademiaren jarduerari eta haren mugarri garrantzitsuenetako batzuei eusten dien erakundeen arteko adostasunaren hasieratik. Hala, 1919ko irailaren 21ean, euskal akademiaren batzar eratzailea egin zen foru-jauregian, eta handik hamabost egunera, 1919ko urriaren 7an, Euskaltzaindiak bere lehen bilera akademikoa egin zuen jauregi horretan bertan.
Aldundiaren Plan Estrategikoak berak ezartzen du erakundeak «euskaraz bizitzeko eskubidearen alde lan egingo duela, bere jardunean euskarari lehentasuna emanez eta euskaraz bizi ahal izatea bermatzeko bidean urratsak eginez». Horretarako, Irune Berasaluze Foru Gobernuko bozeramailearek adierazi duenez, «lehentasunezkotzat jotzen dugu hizkuntza-normalizazioaren alde lan egiten duten euskararen munduko eragileekin lankidetzan sakontzea, proiektu zehatzetan oinarrituta euskararen erabilera areagotzeko, epe ertain eta luzerako helburu eta erronka berriak ezarriz. Euskaltzaindia funtsezko eragile bat izan da gure hizkuntza bultzatzeko, zabaltzeko eta modernizatzeko, eta, une honetan, bizi ditugun aldaketa sozial eta teknologiko sakonen ondorioz, inoiz baino beharrezkoagoa da biziberritzeko lan hori».
Mintzola proiektuari dagokionez, Aldundiak eta Euskaltzaindiak oinarrizko adostasuna landu zuten, 2022tik aurrera akademiak bere gain har zitzan 2008an Aldundiak, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Villabonako Udalak sortutako Fundazioak garatzen zituen ekintzak. Lehenik eta behin, euskararen ahozkotasunari buruzko oinarrizko ikerketarekin lotuta daude; bigarrenik, ikerketa aplikatuarekin, hezkuntzaren, komunikabideen, gazteriaren eta abarren arloko orientabideak eskaintzeko; hirugarrenik, ikerketaren hedapenarekin, banaka edo beste eragile batzuekin antolatutako jardunaldi, saio eta ekitaldien bitartez; eta, azkenik, hedapenarekin, jardunaldien, argitalpenen eta webgunearen bitartez.