Espeleologia familian egiteko aukera ezin hobea
Goizeko 10:00etan hasiko da Lizarrustiko parketxean, Ataunen, eta mendiko oinetakoak eta linterna edo frontala eramatea gomendatzen da
DV
Jueves, 3 de julio 2025, 12:36
Espeleologia familian egiteko, Aralarren murgiltzeko eta Lareoko kobazuloa lehen eskutik ezagutzeko txangoa antolatu du igande honetarako, irailak 24, Aralarko parketxeak. Goizeko 10:00etan hasiko da Lizarrustiko parketxean (Ataun) zailtasunik gabeko espeleologia esperientziaz gozatzeko. «Aspaldi gure mendiotan bizi izandako gizakien azalean jarri ahal izango gara estalaktitaz eta estalagmitaz inguratuta gauden bitartean. Kobetako giroa oso berezia da, hezetasun altua eta tenperatura egonkorra dute urte osoan zehar; honi esker sabaitik erortzen den urak egitura bereziak sortzen ditu».
Lizarrustiko parketxetik abiatuta, poliki-poliki Aralarko erraietara eramaten duen bidea hartuko da igandean, «paseatzeko leku ezin aproposagoa, garai batean animaliek tiratutako bagoneta bat ibiltzen zen bide lau honetan. Pagadi zabala, bidezidor atsegina, erreka, arroila eta txondor plazaren bat aurkituko ditugu bidean. Eta, azkenik, Lareo urtegiko ingurune ederretara helduko gara», aurreratu du antolakuntzak.
Ibilbidea gidari adituek zuzenduko dute, eta parte-hartzaile guztientzat esperientzia segurua eta zirraragarria bermatuko dute. Jarduera gaitasun- eta ezagutza-maila desberdinetara egokituko da, eta horrek esan nahi du koba bat inoiz aztertu ez dutenek ere abentura honetan murgildu ahal izango dutela.
Antolakuntzatik nabarmendu duten bezala, aurrez izen ematea beharrezkoa izango da. Horretarako, nahi duen orok 943 180 335 edo 688 895 069 telefonoetara deitu edo lizarrusti@gipuzkoanatura.eus eta barandiaran@gipuzkoanatura.eus helbide elektronikoetara idatzi besterik ez du. Era berean, ibilaldia erosotasunez eta segurtasunez egiteko mendiko oinetakoak eta linterna edo frontala eramatea gomendatzen da. Ildo horretan, ibilaldian zehar eraman beharko diren kaskoak antolakuntzak jarriko dituela aurreratu dute.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.