Durangoko Azokak aurtengo iragarkia plazaratu du
Pieza bisualean beltzez jantzitako dantzari batek bidaia egiten du kolorez betetako Durangoko Azokaren kartelen artean
I. A.
Donostia
Osteguna, 13 azaroa 2025, 16:59
Durangoko Azokak abenduaren 5etik 8ra ospatuko den 60. edizioko iragarkia plazaratu du, Iratxe Reparezek osatutako unibertso bisualetik abiatuta. Artistaren esanetan, «Azokaren 60 urteko ibilbidea irudikatzeko, pieza bisual bat sortu dugu, non dantzari batek, gorputzaren bitartez, bide hau zer izan den interpretatzen duen: egokitzen da eta eraldatzen da».
Hala, beltzez jantzitako dantzari batek bidaia egiten du kolorez betetako Durangoko Azokaren kartelen artean, bisitariak Azokara doanean bizi duen esperientziari erreferentzia eginez.
«Dantza hizkien gainean garatzen da, lurrean marraztuta, gorputzak bere memoria aktibatuko balu bezala. Keinu bakoitzak malgutasuna, aldaketa eta martxan dagoen kultura aipatzen ditu. Hori delako Durangoko azoka: euskal kultura ospatu, partekatu eta eraldatzen den tokia. Edizio bakoitzarekin eboluzionatzen duen espazioa, baina bere esentzia inoiz galtzen ez duena», azaldu du Reparazek.
Iragarkiaren kontzeptua tentsio poetikoan elkarrekin bizi diren bi ideiaren ingurukoa da: mugimendua eta irmotasuna. Izan ere, nahiz eta azoka aldatu, egokitu eta sorkuntza modu berrietara zabaldu, «bada zerbait bere horretan dirauena: garena. Gure sustraia, gure nortasuna».
Muga Ekoiztetxeak grabatu du aurtengo iragarkia. Aitor Aranguren arduratu da zuzentzeaz eta Iratxe Reparaz sortzaileak garatu du zuzendaritza artistikoa. Musika eta soinua Pello Reparazek sortu du eta iragarkiko protagonista den dantzaria DAB Dantza konpainikoa da.
Iruditeria
Aurtengo ediziorako Iratxe Reparazaek ez du kartel bakarra egin. Durangoko Azokak kartel guztiak izango dituela adierazi zuen aurkezpen ekitaldian iruditegiaren egileak. Esplikatu zuenez, azokak egindako eta egiteke duen ibilbidea oinarri hartuta garatu du aurtengo unibertso bisual berria. «Azoka ezin da irudi bakar batean laburbildu.
Diseinua eskuz marraztutako «60» baten aurkikuntzatik sortu zen; zenbaki bat baino gehiago zen, ibilbide bat, mugimendu bat, egin dugun bidea eta oraindik egiteko duguna irudikatzen duena».