Begoña Iturrizak jantziko dio txapela Bizkaiko txapeldunari
Bizkaiko Bertsozale Elkartearen sorrerako kide izan zen Iturriza, 1980ko hamarkadan
I. A.
Donostia
Osteguna, 7 abendua 2023, 16:28
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala abenduaren 16an izango da Bilbo, zortzi bertsolarirekin lehian, irabazlearen txapela lortzeko helburuarekin: Xabat Galletebeitia, Jone Uria, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita, Oihana Bartra, Gorka Pagonabarraga, Aitor Etxebarriazarraga eta Aissa Intxausti.
Irabazlearen izena ezagutzeko aste bat falta da, baina dagoeneko Bizkaiko Bertsozale Elkarteak jakitera eman du aurtengo txapelketako txapel emailearen izena. Begoña Iturrizak izango du ardura hori, izan ere, elkarteak 40 urteko ibilbidea bete du aurten, eta Iturriza sorrerako kide izan zen 1980ko hamarkadan.
1983an sortu zen egun Bizkaiko Bertsozale Elkartea, Bizkaiko bertso-eskolek beren artean batzeko hartutako erabakiaren ondorioz. «Beren lan eskergak bultzada handia eman zion Bizkaiko bertso eta euskaltzaletasunari, eta oso eskertuta gaude eurek egindako bideari», adierazi dute elkartetik. Horien artean egon zen Iturriza bera ere. Euskara etxean jaso bazuen ere, gazte zela erdi galdu egin zuen, eta berau berreskuratzeko lagun izan zuen bertsolaritza. Santutxuko bertso-eskolan eman zuen izena, eta, ordutik, bertsoak ikasten zein irakasten aritu zen hogei urtez.
Baina bertso-eskolan soilik ez, Bilbo eta inguruetako bertso saio eta ekitaldietan antolakuntza lanetan ibili izan da, betiere bertsoari lotuta. Urte luzez aritu izan da oholtzaren beste aldetik, gehienetan, inoiz gainean izan bada ere: gai jartzen zein bertso batzuk botatzen ere. 40 urte beranduago, Iturrizak oso lotuta jarraitzen du bertso munduari. Aurpegi ohikoa da txapelketan zein bertatik kanpo.