

Secciones
Servicios
Destacamos
Ane Zubeldia hondarribiarrak irabazi du aurten Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten Igartza Saria 'Datorren udan ez gara hemen biziko' izeneko narrazio proiektuarekin. Bekak 27 urte bete ditu eta aurtengo deialdira 16 proiektu aurkeztu dira. Irabazleak atzo Donostian egindako agerraldian adierazi zuenez, «baldintza hobeagoetan» lan egin ahal izango du sari honi esker, izan ere, 10.000 eurotako laguntza eta argitaratzeko konpromisoa dakartza. Liburua 2026ko hasieran plazaratuko da.
Ogibidez eta ikasketaz itzultzailea da Ane Zubeldia, baina musikan eta dantzan ere ibiltzen da. Literaturaren arloan Mejillon Tigre kolektiboan 'Hitz esana' ikuskizunarekin dabil hara-hona Eider Adeletxerekin, poesia «bestelako formatuetan» errezitatzen. Oraingoan, poesiatik prosara pasako da bere lehenengo «lan handia» izango den proiektu honetan.
'Datorren udan ez gara hemen biziko' gai eta estilo askotako ipuinen bilduma bat izango da. «Oraindik ez dakit oso ongi zer izango den, eta izenburua ere behin- behineko da», aitortu zuen autoreak. Idazten hasi da, «baina momentuz susmoak bakarrik ditut, ipuin izan zitezkeen pare bat istorio, pista, etorri zitzaizkidan eta horri segika idatzi dut lagina».
Hainbat giro, garai eta adin eta generotako pertsonaiak izango dira ipuin bilduman, eta bakoitzak unibertso propio bat eraikiko du arnasa luzeko istorio hauetan. Beraien artean ez dute zerikusi handirik izango, «ez temakikoki ezta pertsonaien aldetik», Zubeldiak garbi du «pertsonaien sentsazioetan» oinarrituko dela liburua, baina ipuinok batzen dituen hari bat aipatzekotan, egileak galdera luzatu du: zer kontatzen diogu geure buruari mundua esplikatzeko, bizitzaren misterioak argitzeko, gure egoera, patua edo jarrera ulertzen saiatzeko?. ipuin bakoitzak gai bat ardatz izango badu ere, «gai hori ez da esplizituki azalduko».
Ane Zubeldia Magriñák bere bi amonen abizenak hartu ditu literaturan izentzat (eta ez Ane García López), beraien omenez, izan ere, «idazten aritzen ziren biak eta aldarrikapen hori egin nahi izan dut».
Gaur egun aski ezagunak diren hainbat idazlek osatzen dute Igartza sarien irabazleen zerrenda. Besteak beste, Unai Elorriagak, Karmele Jaiok, Katixa Agirrek, Eider Rodríguezek edo Irati Goikoetxeak lortu zuten bere garain beka hau. Aurtengo edizioan 16 lan aurkeztu dira eta Olatz Mitxelena, Irati Jimenez eta Garazi Kamio epaimahaikideek Ane Zubeldiak aurkeztutako proiektua aukeratu dute.
Euskal idazle gazteentzako sorkuntza beka hau Beasaingo udalak sustatzen du «gure hizkuntza eta kulturaren etorkizuna indartzen duten proiektuak saritzeko eta bultzatzeko», azaldu zuen Mariola Pascual Kultura zinegotziak. Ekimena Elkar argitaletxearekin eta CAF enpresarekin batera antolatzen da eta elkarlan honek, «etorkizuneko idazleak bidean laguntzeko aukera ematen digu». Bestalde, Bianditz Iraolak, CAF-eko euskara arduradunak, enpresaren konpromisoa berretsi zuen, eta aurtengo sariak 10.000 eurotako laguntza izango duela gogoratu zuen, aurreko edizioetan baino 4.000 euro gehiago.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
No te pierdas...
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.