Andres Alberdi Euskaltzain osoa emeritu bilakatu da
Bere ordezkoa aukeratzeko epea ireki da eta azaroko bilkuran egingo da hautaketa
I. A.
Donostia
Viernes, 18 de julio 2025, 12:21
Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2018an Andres Alberdi Gorostiaga (Getaria, 1950) eta euskaltzain oso 2022ko azaroaren 26an. Orain, hizkuntzalari getariarrak 75 urte bete ditu eta, hartara, euskaltzain emeritu bilakatu da. Euskaltzaindiaren barne-arauek agintzen duten bezala.
Publicidad
Honekin batera, ordezkoa aukeratzeko epea ireki da. Euskaltzain osoek Andres Alberdiren lekua betetzeko proposamenak iraileko eta urriko osoko bilkuretan aurkeztu ditzakete, eta hirugarren bilkuran egingo da hautaketa, azaroan, Bilbon egingo den bilkuran. Jakina denez, euskaltzain oso izateko proposamena hiru euskaltzain osok izenpetu behar dute eta proposamenaz batera, hautagaiaren merezimenduak aipatu behar dira xeheki.
Filosofian lizentziaduna da Andres Alberdi eta irakaskuntzan aritua 38 urtean, lehenengo, Elgoibarko Ikastolan; ondoren, Elgoibarko Arreiturre Institutuan, eta bertan, Euskara eta Literaturako katedraduna 1982tik, harik eta 2011n erretiroa hartu zuen arte.
Bakarka zein elkarlanean, 1986tik, DBHko eta Batxilergoko Euskara eta Literaturako hogeitik gora ikasliburu eta gramatikaren egilea da. 1986-1990 bitartean, EGAko aztertzaile-taldeko kide, eta, 1988-1990 urteetan, Azterketa Batzorde Ofizialeko zuzendaritza-kidea, Gipuzkoako arduradun akademiko gisa. 1991-92 ikasturtetik 2011ra arte, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko EIMA Programan aritu zen koordinatzaile gisa.
2007tik 2014 arte, Euskaltzaindiaren Zientzia eta Teknika Hiztegia Biltzeko Lantaldeko partaide izan zen da; 2014tik, Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburuko batzordeburu, eta batzorde horrek 2018an paraturiko Euskara Batuaren Eskuliburuaren (2018) prestatzaile eta egilea. 2022tik, Morfosintaxiaren Estandarizazioko Batzorde Ahaldunduko idazkari eta testu-prestatzailea da.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión