AEKren uda ikastaroetarako izen-ematea irekia
Udan euskara ikasteko zein azterketak prestatzeko barnetegiak antolatuko ditu Arantzan
dv
Donostia
Asteazkena, 26 maiatza 2021, 18:09
Pandemiak egoera nabarmen aldatu zuen 2020/21 ikasturtean AEKrentzat. Osasun neurrietara egokitzeko edukierak eta klaseetako ratioak murriztu behar izan zituen elkarteak, eta nahiz eta gero «kopuru horiek txukuntzen joan» Iribarrenen arabera «matrikulazio datuek %11» egin dute behera. Hilabete gogorrak izan ziren Alizia Iribarren koordinatzaile nagusiak egunkari honetan aitortu bezala.
Pasa den ikasturtean jendeak «ikasteko modua aldatu» zuela nabarmendu zuen koordinatzaile nagusiak eta aurrez aurreko klaseetara joan ezin zuenak online eman zuela izena. Uda gerturatzen ari den honetan, txertatzea izaten ari den aurrerapen testuinguruan eta intzidentziaren beherakada mantentzen ari dela ikusita, AEK-k 2021eko udako ikastaroak aurkeztu ditu. Asmo nagusia normaltasunera itzultzea da.
Ildo horretan, hainbat euskaltegitan euskara ikasteko eta azterketak prestatzeko ikastaroak eskainiko dira. Koordinakundeak zehaztu duenez, informazio eskuratzeko onena «hurbilen dagoen euskaltegira jotzea edo AEKren webgunea bisitatzea» da. Era berean, bertaratu ezin duenarentzat edo osasun egoera dela-eta online formatua nahiago duenarentzat, AEK-k eskaintza ere antolatu du.
Maila askotariko barnetegiak
«Udan euskara ikasteko eta hobetzeko modurik politena» AEKren hitzetan. Uda honi begira Arantzan eta Foruan A2.2 mailatik hasita C1 maila arteko barnetegiak eskainiko dira uztaila eta abuztuan zehar. Data zehatzak eta bestelako xehetasunak webgunean kontsulta daitezke.
Bestetik, azterketak prestatzeko barnetegiak ere eskainiko ditu AEK-k abuztuan Arantzan. Koordinakundeak zehaztu duenez, hauek, B2 eta C1 mailako edukiei dagokienez bereziak direnez, «eskolak azterketak prestatzera bideratzen dira beren-beregi».
Barnetegian denetarako astia izango duzu: eskolarako, txangoetarako, ekintzetarako, lagun berriak egiteko eta, azken batean, egun osoan euskaraz bizitzeko.