Aberriaren gaiak izan duen lekua aztertu Hedoi Etxartek 'Irailekoak' poesia-jaialdian
DV
Donostia
Domingo, 28 de septiembre 2025, 18:09
2023an Lekeition (Bizkaia) estreinatu zen Irailekoak poesia-jaialdia. Iaz Itsasu (Lapurdi) bisitatu zuen eta aurten berriz Lekeitiora itzuli da, kostaldeko herriak 700 urte bete dituenean. Honela, Euskaltzaindiak bat egin du urtemugarekin, eta hiru egunez luzatuko den jaialdia antolatu du, Lekeitioko Udalaren babesarekin eta herriko Kitto eta Recreatiba elkarteen laguntzarekin.
Publicidad
Honela, antzezlan -edo ez-errezitaldi- berezi batekin inauguratu zen asteburu honetan Irailekoak poesia-jaialdiaren hirugarren aldia, hain zuzen, Formol Laborategiak Susa argitaletxearekin batera ekoiztu duen Heriotzak Eduardo du izena ikuskizunarekin. Rekreatiba espazioan bildu dira larunbat honetan zaletuak goizez, Hedoi Etxartek eman duen hitzaldi mamitsu eta interesgarria entzuteko. Bertan, gai «konplexuenetako» bati heldu dio idazle nafarrak: aberriaz hitz egin du, eta gai horrek poesian izan duen lekua aztertu du, adibide zirikagarriak aztertu dituela (Lenin eta Rosa Luxemburg, Che Guevara eta Bad Bunny, Lauaxeta eta Lorca, Aresti eta Edna St. Vincent Millay, Karl Marx eta Mordechaj Gebirtig, Puxkin eta Roque Dalton, Brecht eta Maria Merce Marçal, Txiki eta Humberto Baena...).
Galdera andana
Galdera andana mahai gainean jarri eta horiei erantzuten ahalegindu da Etxarte, errespetuz eta beldur tanta batekin: Zer da aberria niretzat? Zein da nire aberria? Badut aberririk? Joxe Azurmendik Orixerekin egin bezala, zer dugu aberriaren alde? Eta zer dugu aberriarekin kontra? Egileak onartu du «galdera hauek lau poloren arteko gatazka esplizitu bat» planteatzen diotela: «Euskal Herria da gure aberria? Euskal Herria bada baina Espainia ere bai? Eta Frantzia, ez al da gure aberria ere? Klasea aberri bat bezala bizi daiteke? Existitzen al da desjabetuen aberria ala hori amarru bat besterik ez ote da?»
Segidan, Eusebio Erkiaga idazle eta euskaltzainaren omenezko ekitaldia izan da: Udalak eta Akademiak plaka bat jarri dute lekeitiar idazle eta euskaltzainaren jaiotetxean (Eliz Atean); Ander Aldazabal Lekeitioko alkatearen eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzak entzun ondoren, Erkiagaren omenezko bertso batzuk bota ditu Xabat Galletebeitiak.
Olerkaria eta nobelagilea, gerra aurreko euskal kulturaren eragile porrokatua izan zen Erkiaga, eta, gerra ostean, euskal kulturaren biziraupenerako katebegi garrantzitsua. Goiz parteko azken ekitaldia San Juan Talakon izan da. Bertan aritu dira Txomin Hegi, Gotzon Barandiaran eta Ane Labaka, Unai Egia eta Toki musikarien laguntzaz. Arratsaldean ohiko ibilaldi poetikoa egin da herriko leku jakin batzuetan; bertan parte hartu dute Leire Vargasek, Iker Aranberrik, Raquel Pardok, Edu Zelaietak eta Luzien Etxezaharretak. Azkenik, Rifqa: honengatik egiten dugu dantza errezitaldi musikatuarekin itxi da larunbata, Mareaerrota espazioan.
Publicidad
Pato eta Reyes, aurtengo gonbidatuak
Chus Pato eta Miriam Reyes Euskaltzaindiak euskal poeten lana gizarteratu nahi du, baina, halaber, beste bazter batzuetako poeten lana ere erakutsi nahi da Irailekoak festibalean. Honela, Chus Pato eta Miriam Reyes galiziarrak dira aurtengo gonbidatuak. Atzo, Danele Sarriugartek elkarrizketatu ditu biak, Rekreatiba espazioan, eta, ondoren, Sonora izeneko ikuskizun poetikoa eman dute.
Chus Pato (Ourense, 1955). 1991tik 2023ra bitarte hamabi poema-liburu idatzi ditu, eta horiei esker hainbat sari jaso, hala nola Espainiako Poesia Sari Nazionala, Losada Diéguez saria (bi aldiz), Premio da Irmandade do libro saria, Premio da crítica de poesía galega saria, Clara Campoamor saria eta Galiziako Kritikaren saria, Literatur sorkuntzaren atalean.
Publicidad
Nabarmentzekoa da bere pentalogia Decrúa, antes Método, [Murriztu (lehen, Metodoa)] zeinetan honako lan hauek biltzen baitira: m-Talá, Charenton, Hordas de escritura [Idazketa tropelak], Secesión [Sezesioa] eta Carne de Leviatan [Leviatanen haragia], bai eta bere azken liburua ere: Sonora [Soinudun]. Bere zazpi poema-liburu ingelesera itzuli ditu Erin Mourek, eta Britainia Handian, AEBn eta Kanadan kaleratu dira; beste batzuk, aldiz, beste herrialde batzuetan argitaratu dizkiote, hala nola Argentinan, Portugalen, Herbehereetan, Bulgarian eta Frantzian. Era berean, bere poema hautatu batzuk katalanera, euskarara, gaztelaniara, polonierara, arabiera klasikora, frantsesera, errumanierara, errusierara, eslovakierara, alemanera eta eslovenierara itzuli izan dira. 2015ean, Harvard Unibertsitateko Woodberry Poetry Room bildumara gehitu zuten bere ahotsa. 2017ko irailaren 23an, Real Academia Galegako kide oso izendatu zuten. Ultramarinos argitaletxeak Poesía reunida de Chus Pato [Chus Patoren poesia bildua] kaleratu du: proiektu horretan, Patoren obra gaztelaniara itzuli du Gonzalo Hermok. Catasóseko basotik gertu bizi da.
Miriam Reyes 1974an jaio zen, Ourensen, eta zortzi urte zituela Caracasera emigratu zuen gurasoekin. 2001ean Espejo negro (DVD) argitaratu zuen. Bere bigarren poema-liburuarekin, Bella durmiente, Hiperión Sariko finalista izan zen (2004). Ondoren Desalojos (Hiperión, 2008), Haz lo que te digo (Bartleby, 2015), Prensado en frío (Malasangre, 2016) eta Sardiña (Chan da pólvora, 2018) argitaratu zituen, guztiak Extraña manera de estar viva (Mixtura, 2022) liburukian bilduta. Bere azken lana Con da (La Bella Varsovia, 2024). 2025eko Espainiako Poesia Sari Nazionala eskuratu du. Bere lana nazio eta nazioarteko antologia ugaritan jaso da eta dozena erdi hizkuntza baino gehiagotara itzuli da. 2001. urteaz geroztik, ikus-entzunezko idazketarekin eta multimedia-errezitaldiarekin esperimentatzen du. Poesia, spoken word eta arte eszenikoen jaialdietan aurkeztu ditu bere bideo-errezitaldiak. Gaur egun Bartzelonan bizi da.
Publicidad
Jarduera osagarriak
Lekeition poesiari presentzia handiagoa emateko, udaldian garai eta geografia askotako egileen bertso-lerroz jantzi dira herriko erakusleihoak Kitto merkatarien elkartearen laguntzaz. Tartean, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, José Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suárez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarnik-en bertsoak erakutsi dira. Gainera, eta asteburuan zehar egindakoaren lekukotza jasotzeko, Iraileko paperak aldizkariaren hirugarren zenbakia plazaratu du Akademiak, «oroigarri intelektual-poetiko gisa». Aurten, Sonia Rueda bilbotar sortzaileak edertu du jaialdian parte hartzen duten poeta eta ikusleen artean banatu den argitalpena.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión