30.192 ikaslek bertsolaritza eskolak jasoko dituzte ikastetxean ikasturte honetan
Bertsozale Elkarteko 55 irakasle ariko dira lurralde osoko 513 eskolatan
I. A.
Donostia
Larunbata, 11 azaroa 2023, 12:16
Bertsolaritzak hezkuntzan dituen onuretan sinetsita eta ikasgelan sartzeko helburuz, Bertsozale Elkarteak ikastetxeetan duen proiektua 513 eskolatan izango da aurten: eskola publiko, Ikastolen Elkarteko ikastetxe nahiz kristau eskoletan entzungo dira bertsoak beste ikasturte batez. Horretan ariko dira lurralde osoko Bertsozale Elkarteko 55 irakasle, bertsolaritza ikasleei ezagutarazteko. Guztira, 30.192 ikasle ariko dira bertsotan ikasturte honetan, 1.574 taldetan banatuta.
Bertsolari Elkartetik jakinarazi dutenez, «hitzekin jolasteko jarduera are jolastiagoa egiteko, ikasmateriala gogotik prestatzen du Bertsozale Elkarteko irakasle taldeak: ikas-liburuaz gainera, bertsoikasgela.eus webguneko baliabide digitalak eta bat-batean jarduteko karta jolasak ere eskura dituzte ikasle taldeek». Bertsolaritzaren didaktikan sakontzen dihardu irakasle taldeak, eta ikasturte honetan ere HUHEZIren eskutik formazio saioak jasoko dituzte hainbat irakaslek.
Bertso-eskolak
Baina bertsotan ikasi nahi duten ikasleek ikastetxetik kanpo egiteko aukera ere izango dute, bertso eskolatan. Euskal Herriko 118 herritan daude, baita Amerikako Estatu Batuetan ere onlineko eskola bat. Denetariko eskolak daude, helduenak eta gazteenak kasu, eta bertsotan egiteaz harago, bertsolaritzari loturiko hamaika jarduera gauzatzen dituzte.
Bertsozale Elkartertik gogorarazten dutenez, 1.507 partaide elkartzen dira bertso-eskola hauetan; horietako 1.055 kide 18 urtetik beherako gazteak dira, eta 89 irakasle arduratzen dira talde hauen asteroko martxaz. Bertsoeskola.eus webgunean dituzte haiei zuzendutako baliabide didaktikoak;