2025eko Eskolarteko Boulder Liga aurrera doa
Alegian jokatutako jardunaldia eta gero, azaroaren 30ean Donostian elkartuko dira final handian
DV
Donostia
Domingo, 23 de noviembre 2025, 16:41
Azaroaren 16an, Egurrewall antolatuta, 2025eko Eskolarteko Boulder Ligaxkako 3. proba ospatu zen Alegiko Egurrewall Rokodromoan. Sailkapen orokorrean Izaro Korta da nagusi 235 punturekin. Ondoren, Irati Fidalgo dago (164 punturekin) eta Ani Perez (137).
«Parte-hartzaileek eskaladako egun bikaina izan zuten, non euren trebetasun eta teknikak gainerako lehiakideekin neurtu ahal izan zituzten. Jai giroan, parte-hartzaile guztiek kamiseta bana eraman zuten. Gipuzkoako hainbat herritako 94 parte-hartzaile lehiatu ziren eta sexuka sailkapen desberdinak egon ziren. Neskak eta mutilak ahalik eta gehien ahalegindu ziren, eta une oro adiskidetasuna eta kiroltasuna izan ziren nagusi», diote Gipuzkoako mendi federaziotik.
Azaroaren 30ean laugarren proba jokatuko da Donostian (Factory Boulder) eta gonbidatuta zaudete, bai Alegian parte hartu zenutenak eta baita bertaratu ezin izan zinetenak ere.
Eskolarteko 9. eskalada topaketa
Abenduaren 14an, Eskolarteko 9. eskalada topaketa antolatu du Gipuzkoako mendi federazioak Donostiako Pio Baroja kiroldegian. ikastetxeetako neska-mutil guztiek har dezakete parte. Maila guztiak kadetetaraino, hau da, 16 urteak arte (barne). Gogoratu hasiberrientzako hastapen-topaketa bat dela, eta ez dela aldez aurreko esperientziarik behar jarduera honetaz gozatzeko. Kirol topaketa goizeko 09:30etik 13:30era luzatuko da eta diplomak, 13:30etik 14:30era emango dira.
Zirkuito itxi bat egongo da. Zirkuitoaren helburua haurrek eskalada modalitate guztiak probatzea izango da. Hasi abiadura eskaladarekin, (2 bide), zailtasun eskalada (2 bide), eta azkenik boulderra 10-15 bloke errazetik zailera. Sokarekin eskalatzeko bideak (zailtasuna eta abiadura) haur kopuru maximo bat izango dute, beraz itxaroten duten bitartean boulderrean egongo dira eskalatzen.
Aurretik izena eman beharko dute bertan egon nahi dutenek abenduaren 11 baino lehen internet bidez elkarte antolatzailean: ww.cdfortunake.com. 3 euro partaideko. Epetik kanpo edo egunean bertan eginez gero, 5 euro partaideko ordaindu beharko dituztela iragarri dute antolatzileek. Haur bakoitzak fitxa bat izango du lorpenak apuntatzen joateko, baina ez da sailkapen orokorrik egingo. Opariak egongo dira. Partaide bakoitzak kamiseta bat jasoko du.