http://static.diariovasco.com/www/menu/img/zabalik-desktop.png

Afganistango emakumeen egoera salatzeko argazkiak, Aieten ikusgai

'Emakumeak. Afganistan' argazki erakusketa ikusgai egongo da Aieteko Kultur Etxean otsailaren 7ra arte./
'Emakumeak. Afganistan' argazki erakusketa ikusgai egongo da Aieteko Kultur Etxean otsailaren 7ra arte.

Mónica Bernabé eta Gervasio Sánchez kazetariak 'Emakumeak. Afganistán' erakusketaren inguruan hitzaldi bat eta bisita gidatuak eskainiko dituzte, abenduaren 15etik 17ra

M.I.Donostia

Gervasio Sánchez eta Mónica Bernabé, Emakumeak. Afganistán erakusketako argazkien egileak Donostian egongo dira abenduaren 15etik 17ra bitartean euren esposizioaren inguruan ekintza desberdinak burutzeko. Egun hauetan zehar herritarrek aukera izango dute bi autoreek bideratuko dituzten bisita gidatuez eta hitzaldiaz gozatzeko. Aitzitik, erakusketa zabalik egongo da otsailaren 7ra arte Aieteko Kultur Etxean.

Bi egileek hitzaldi bat emango dute abenduaren 16an arratsaldeko 19:00etan, Aieteko Kultur Etxeko aretoan. Bertan entzuleek kazetari hauen Afganistango bizipenak ezagutu ahal izango dituzte eta hango emakumeen egoera gertuagotik ulertu ahal izango dute.

Bisita gidatuei dagokienez, goizean eta arratsaldean burutuko dituzte egileek, goizekoak ikastetxe desberdinei zuzenduak egongo dira eta arratsaldetakoak herritarrei oro har. Guztira bederatzi bisita gidatu egingo dira., non Mónica Bernabé eta Gervasio Sánchezek ondorengo gaiak landu eta azalduko dituzten: behartutako haurren ezkontzak; hiesa; droga menpekotasuna; norbere buruaz beste egitea; aurrera pauso legalak eta errealitatea; eta zigorgabetasunaren eta gerraren ondorioak.

Mónica Bernabé, kazetari espainiarra, Afganistanen egon den berriemaile iraunkor bakarra izan da. Sei urte eta erdi pasa zituen herrialde honetan, 2006 eta 2014 artean, azken urtean Kabul utzi zuen arte. Gaur, freelance moduan lan egiten eta bere artikuluak El Mundo egunkarian publikatzen ditu nagusiki. 2000 urtean egon zen lehenengo aldiz Afganistanen eta bidaia horren ostean sortu zuen 'Asociación para los Derechos Humanos en Afganistán' (ASDHA) elkartea, herrialdeko emakumeei laguntza ematen dien elkartea.

Gervasio Sánchez kazetariak, bestalde, Heraldo de Aragón egunkarian argitaratzen ditu bere lanak eta hainbat argazki libururen egile da. Berriemaile berezi bezala aritu izan da Golkoko gerran, baita gatazka armatuak izan diren beste herrialde batzuetan ere, Jugoslavia, Afrika, Asia eta Latinoamerikan. Horretaz gain, La Vanguardiarekin, Cadena SERekin eta BBCrekin ere kolaborazioak egiten ditu.

Ez da soilik talibanen gauza

Afganistango emakumeen diskriminazio egoera anitz ezagutzeko aukera luzatzen du erakusteka honek. Talibanek etxetik kanpo lan egitea, ikastea eta laguntza medikoa jasotzea debekatu zieten emakumeei herrialdean agintean egon ziren aldian. Murrizketa horiek eskandalizatu egin zuten Mendebaldea baina hango emakumeek beren etxeetan egunero bizi duten benetako dramaren adierazgarri besterik ez dira.

Horregatik, erakustaldi honek aditzera eman nahi du emakumeen aurkako indarkeria Afganistanen familian bertan hasten dela eta endemikoa dela; hau da, talibanak agintean egotearekin inongo zerikusirik ez duela.

Afganistango gizarte kontserbadore, matxista eta erlijiosoan emakumeen errealitatea aldatzeko hainbat belaunaldi behar dira. Nolanahi ere, zigorgabetasuna orokortuta dago herrialdean, eta horren errua, neurri handi batean behintzat, nazioarteko komunitatearen isiltasun eta axolagabekeria da.

Egoera hau salatzeko helburua dute 2009tik 2014ra bitarteko aldian ateratako argazkiek. Emakumeak. Afganistan ASDHA-ren proiektu bat da eta Bartzelonako Udalak finantzatu du. Aieteko Kultur Etxean ikusgai dagoen erakusketa Euskal Fondoak produzitu duen adaptazio bat da, Euskal Herriko udalerri ezberdinetan egongo dena. Donostiako udalak, Giza Eskubideen eta lankidetzaren atalen elkarlanari esker antolatu du ekintza hau, Donostia Kulturaren laguntzarekin.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos