Haurtzaro Atletismo Taldea primeran ibili da Gipuzkoako Banakako txapelketan

Arrunt pozik daude hiru jardunaldietan lortutako hamahiru dominekin

GOIZARINOIARTZUN.
Haurtzaro Atletismo Taldea primeran ibili da Gipuzkoako Banakako txapelketan

Aurtengo denboraldian primeran dabiltza Haurtzaro Atletismo taldeko kideak. Izan ere, Gipuzkoako Pistako Banakako Txapelketan oso emaitza ederrak lortu dituzte. Hiru jardunaldiak Errenteria-Oreretan, Irunen eta Eibarren izan dira eta haietan lortutako hamahiru dominekin oso pozik daude oiartzuar atletak.

Guztira sei alebin eta bederatzi infantilek hartu dute parte txapelketan. Hona hemen, hurrenez hurren, Haurtzaro Atletismo Taldeko kideek lortu dituzten dominak: Amaiur Errazkinek lau domina lortu ditu, urrea 500, 1.000 eta 2.000 metrotako lehietan, eta brontzea 150ekoan; Julen Perezek hiru domina irabazi ditu, urrea 150 metrotan, zilarra hesietako 220etan, eta brontzea 80koan; Ane Etxebestek hiru domina eskuratu ditu, zilarra 1.000 eta 2.000 metroko probetan, eta brontzea pilota jaurtiketan; Alazne Garridok ere dominak lortu ditu, bi: zilarra 500 metrotan, eta brontzea hesietako 220etan; azkenik, Ibai Lezertuak zilarrezko domina irabazi du 500 metroko proban. Dena dela, txapelketa bikaina osatu dute gainontzeko kirolariek ere, hau da: Oier de Santiago, Eneko San Jose, Jian Zarranz, Mattin Apaolaza, Josu Ibarguren, Intza Mitxelena, Lur Gaztelumendi, Maider Castaño, Ekain Jimenez eta Oiar Etxebestek ere.

30. urteurreneko bazkaria

Ekainaren 21ean Haurtzaro Atletismo taldeak 30. urteurrena bazkari ederrarekin ospatzeko asmoa du. «Ez genuen 10. urteurrena ospatu, ezta 20. urtemuga ere. Baina aurten ez dugu denok elkartzeko aukera pasatzen utzi nahi», adierazi digu Periko Sanroma atletismo taldeko arduradunak.

1984an sortu zen lehenengo taldea Oiartzunen. Bitartean 30 urte eta «milaka entrenamendu, proba edo lasterketa bizitu ditugu», gogoratzen du Sanromak. «Oroitzapen horiek guztiak elkarbanatu eta egun berezi bat igaro nahian, hitzordua jarri dugu ekainaren 21erako», zehaztu du.

Goizeko 11:00etan emango diote hasiera urteurrenari, haur, gazte nahiz helduen taldekako proba desberdinekin. «Hortxe ikusi ahal izango dugu nola mantentzen garen!», dio Sanromak barrezka. Dutxatu ondoren, 14:00etan izango da ekintza nagusia: bazkaria.

Bazkarirako txartelak lortzeko hiru aukera proposatu dituzte: Haurtzaro Ikastolako idazkaritzan eskatuta; haurtzaroatletismotaldea@gmail.com helbidera idatzita; entrenamendu saioetara hurbilduta, astelehenetik ostegunera 19:00etatik 20:00etara ikastolan.

Prezioa ere jarri dute: haur-ikasle-langabetuek 5 euro, helduek 10 euro.