Borrar
'Erria Txikota!', «oriyotar peto-petoa»
ORIO

'Erria Txikota!', «oriyotar peto-petoa»

Kilometroak 2014ko abestia aurkeztu dute aste honetan Donostian. Olatz Zugastiren gidaritzapean herriko sortzaile gazteek sortutako abestia da

DV

Domingo, 30 de marzo 2014, 12:24

Kilometroak 2014ko 'Erria Txikota!' abestia aurkeztu dute aste honetan Donostian, Koldo Mitxelena Kulturunean. Eñaut Telleria eta Joseba Orella koordinatzaileekin batera izan ziren komunikabideen aurrean Olatz Zugasti (abestiaren ekoizle eragilea eta hitzen egilea), Iñaki Gurrutxaga (bertsolaria eta musikaria) eta Julen Alonso (ikasle ohia, doinuaren egilea).

Joseba Orellak azaldu zituen abestia nork egin erabakitzerakoan kontuan izandako irizpide nagusiak. «Hasieratik argi izan dugu herritik, eta bereziki Ikastola ingurutik sortua behar zuela abestiak. Elkarlana ere presente izan dugu eta hortik herriko bi taldeen arteko lankide-za sorkuntza prozesuan. Eta nola ez, gazteei/belaunaldi berriei aukera eder hau eskaini nahi izan diegu». Izan ere, Julen Alonso ikasle ohi gaztearena da abestiaren oinarrizko doinua.

Olatz Zugastiren gidaritzapean herriko sortzaile gazteek sortutako abestia, beraz, 'Erria Txikota!' kantua. Atzera begira jarrita aurkeztu zuen Olatz Zugastik proiektuaren hastapena: «Badira urte batzuk, Ikastolako guraso izaki, kantagintza ikastaroak eskaintzen hasi ginela. Orioko Herri Ikastolaren izenean hainbat kantu txapelketan jardun ostean, Olaxka taldea sortuko zen. Ondoren, Ugats».

Zugastiren esanetan, taldean betidanik izan dute ahotsek protagonismo berezia, baina hastapenetatik Julen Alonso hainbat instrumenturekin bidelagun izan dutela nabarmendu zuen. Hala, Kilometroak 2014ko jaiaren abestia egiteko aukera 'opari polita' izan dela adierazi eta aurrez kantuak sortzen hasia zen Julen Alonsorentzat «aukera paregabea izan dela».

Behin abestiaren hazia jarrita, Zugastik azaldu zuen zalantzarik ez zuela izan Giranice taldeko musikariengana jotzerako garaian: «Herriko musikagileekin egin nahi izan da bidea; eta hala jo genuen beraiengana; ikastolako ikasle ohiak dira denak, musikariak, eta talentudunak gainera».

Iñaki Gurrutxagak sortze prozesua «aberatsa» izan dela adierazi zuen. Azpimarratu nahi izan du zeharo ibilbide ezberdinak izandako abeslari eta musikariak Ikastolaren bueltan topo egiteak «balio handia» duela eta kontentu agertu da Gurrutxaga: «Gustura aritu gara lanean; guztien ekarpenekin osatu dugu abestia. Alonsok etxetik ekarritako trikiti doinuaren jira-biran; gainean moldaketak etengabe eginez... bidea aberasgarria izan da».

Zugasti berak propio idatzitako hitzek janzten dute abestia. Leloak sortzen dion «zirraratik abiatuta», 'Erria Txikota!' aldarriak duen esan nahi zabalagoari heltzeko nahia aitortuz: «Ikastolen sorreretara jotzen badugu, herri honek jakin zuen, ezberdintasunak ezberdintasun, azken helburua lehenetsi eta indarrak batzen. Herri gisara, noizbait, Erria Txikota! oihukatzeko gogo hori ere jasotzen dute hitzek lerro-artean».

Arrantza munduko hizketa

Arrantzale jendearen «bizitza sekuentziak» dira kontakizunaren ardatz. Hala, abestiaren letrak badu berezigarri nabarmena: arrantza munduko hizketa bizi-bizi eta «oriyotar peto-petoa», bete-betean ondare linguistikoa errekuperatu eta belaunaldi berriei transmititzeko jaiaren helburuarekin bat egiten duena. Arrantza giroko hizketaldiak jaso dira; bereziki, marinelen joan-etorrian saregileen hizketak. Hizkeraren garrantzia islatzen da hitzetan. Zugastik halaxe azaltzen du: «Giro etnografiko hori, oriyotar hizketa-era tradizional bat. Kantari gehienak emakumezkoak izanik, saregileen irudia primeran zetorkidan; haien esamoldeak erabiltzeko; hikaz, hizkerari garrantzia emanez eta elkarlanaren ideia ere azalduz; elkarlanean helburu bat lortzeko gaitasuna azpimarratuz».

Amaitzeko, Orellak eskerrak eman zizkien abestian parte hartu duten musikari, abeslari eta atzetik lanean jardun diren lagun guztiei; Elkar etxeari eta Victor Sanchez soinu teknikariari; Tirikitrauki musika dendari eta baita Julene Etxeberria, Nekane Etxeberria eta Marisol Dorronsoro saregileei ere «hitzetik hortzera darabilkien euskara aberats hori» belaunaldi berriengana helarazten laguntzeagatik.

Hemendik aurrera, beraz, abestia entzungai eta edonoren eskura dago www.kilometroak.net/abestia helbidean.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco 'Erria Txikota!', «oriyotar peto-petoa»