Zestoako Bildu eta PNVk bat egin dute zabor jasotze sistema antolatzeko orduan

Sistema berria ontzien bidez egingo da eta uda hasieran hasiko da funtzionamenduan

K. ARRIZABALAGAZESTOA.
Udal buruak eta teknikariek zaborrak jasotzeko sistema berria aurkeztu zuten atzo udaletxean. ::
                             K.A./
Udal buruak eta teknikariek zaborrak jasotzeko sistema berria aurkeztu zuten atzo udaletxean. :: K.A.

% 70 edo gehiago birziklatzea bermatuko duen zabor sistema adostu eta bultzatuko dute Zestoako Udala osatzen duten bi alderdiek. Beste herri askotan lixkarra eta egonezina sortu duen gai honek beste ibilbide bat izan du Zestoan, herritarren zorionerako.

Pasa den abenduaren 5ean iritsi ziren lehenengo aldiz akordiora Bildu eta PNV gai honen inguruan; bertan bi alderdiek bat egiten zuten gutxienez %70eko gaikako bilketa maila lortzea ziurtatuko zuen sistema bat ezarri behar zela gure herria (egungo sistemarekin soilik %27 biltzen da gaika) adierazteko orduan, frakzio guztiak berezituta jasoko zirela, hau dendari eta ostalariekin adostuko zela bilketa hauen neurrira egokitzeko, eta abar...eta azkenean atzo aurkeztu zuten uda hasieran ezarriko den sistema berria.

Jasotze sistema berri hau ontzien bitartez egingo da eta ez zintzilikailuekin. Portal aurre bakoitzean on-tzi bat jarriko da bertan egun horretan tokatzen den zaborra bota dezaten bizilagunak. Gero, pare bat ordu geroago, ontzi hauek berriro jaso egingo dira eta kaletik kendu.

Ordutegiari dagokionez, hau 20:00ak eta 22:00ak bitartean egingo dela aurreikusten da, ordu hau delako jendea gehien etxeetan egoten den ordua.

Akordioaren onurak

Egun udal burua den Ruben Alberdi Bilduko zinegotziak zioenez, «Udalak argi zuen gai honen inguruan akordioa oso garrantzitsua zela, eta gaiak duen garrantzi ikusita Zestoara ondo egokituko den sistema baten alde egin dugu, baina akordiotik, hainbat eragileekin elkarlanean arituz eta herritarren borondatea aintzat hartuz; horretan Zestoan eredugarriak izan garela uste dut». Josetxo Mendizabal PNV-ko burua ere bat etorri zen akordioaren onurak goraipatzeko orduan; horrela «bi bide zeuden, akordioa bultzatu edo tentsioa eta enfrentamendua sortu, eta elkarrizketaren bidez desadostasunen artetik adostasun bat bilatu dugu» zioen. «Badakigu hasieran aldaketak izango direla, eta horrek kezka sortzen du beti, baina aldaketak lasaitasunez hartu behar ditugu, hauei denbora emanez».

Sistema honen kostuaz aritzean, sistema berri hau orotara orain duguna baino merkeagoa izango dela aurre ikusten du Udalak.

Sistema hau zuzenean ikusi ahal izan dute Asturiaseko Villaviciosa herrian, eta oso gustura etorri omen dira han ikusitakoarekin, horrek udalaren aurreikuspenak -ekonomikoki- hobetu egin baititu.

Sistemaren nondik norakoak

Gauzak horrela, goaz bai sistema berriaren argibide batzuk ematera: Zestoan gaikako bilketa komunitarioa planteatzen da. Zestoa kaskoan, Arroabean eta Iraetan bilketa komunitarioa egingo da, hau da, edukiontziak jarriz portal aurretan, eta gero hauek jasoaz.

Gainontzeko auzo eta landa guneetan ekarpen guneen bidez egingo da bilketa. Bilketa komunitarioan 3 frakzio jasoko dira: organikoa, on-tzi arinak eta errefusa.

Gainontzeko frakzioak egun biltzen diren moduan kaleko edukiontzi bidez jasoko dira (beira, papera-kartoia, etxeko olio erabilia, ehunak, pilak eta hondakin arriskutsuen etxola).

Edukiontzi komunitarioak biltzaileek jarri eta kenduko dituzte eta kalean soilik bilketa irauten duen bitartean egongo dira edukiontzi horiek. Organikoa astean hirutan jasoko da, ontzi arinak astean bitan eta errefusa astean behin. Pixa-oihalak edo pardelak eta zelulosak egunero. Larrialdi guneak: Zestoan (Zubimusu auzunean) eta Arroa Behean daude eta hauek bilketa komunitarioan parte hartzen duten herritarrek egutegi eta ordutegi barruan hondakinak atera ezin dituztenean erabili ahal izango dira (larrialdi kasuetarako).

Bulego bat apiriletik aurrera

Herritarren artean sortuko diren galderei eta kezkei erantzuteko hainbat bilera egingo dira auzo eta herriko kale ezberdinetan.

Bilera hauetan informazioa zabaldu eta herritarren proposamenak ere jasoko dira. Horrez gain, apirilak 1etik aurrera bulego bat egongo da irekita udaletxean, non eta bi tekniko herritarren galderei erantzuten saiatuko diren.