I. Intxixu-Trailen parte hartzeko izena ematea dagoeneko ireki da

Oiartzunen egingo den lehendabiziko Mendi Lasterketa ekainaren 15ean izango da

GOIZARINOIARTZUN .
Zorrolako zubitik igaroko dira parte-hartzaileak. ::
                             GOIZARIN/
Zorrolako zubitik igaroko dira parte-hartzaileak. :: GOIZARIN

Intxixu-Trail Oiartzungo mendi lasterketarako izena ematea martxoaren 15ean ireki zen. Intxixu-Trail ekainaren 15ean Oiar-tzunen egingo den lehendabiziko Mendi Lasterketa izango da. Helburua mendi lasterketen egutegian erreferentziazko zita bilakatzea da. Horretarako, Euskal Herrian ezaguna den Aiako Harria parke naturalak eskaintzen duen paraje ederretan barna 15 kilometroko ibilbidea antolatu dute. Oiartzungo herriak dituen zerbitzuak eta kokagunea aprobetxatuz, eta data horietan Ergoien auzoan jaiak ospatzen direnez, bertatik abiatuko da mendi lasterketa.

Ibilbidea, Oiartzungo leku ederrenetatik igarotzeaz gain, herriko historia zein prehistoriarekin erabat lotuta dago. Intxixu Trail, Ergoien auzoan dagoen Auzokaltetik, Herri Musikaren Txokoaren ondoan dagoen elkartetik, hasiko da. Handik, Pagoalde industri gunean gora (garai batean Tornos TOR dei-tzen zitzaiona, TOR tornoak egiten ziren enpresa famatua baitzegoen bertan) Laguntzarrene baserri ondotik (Uztapide bertsolaria bizi izan zen baserria) pasa eta Pilotasoroko lepoa eta Karrika auzoa lotzen dituen errepideraino joango da, lehen aldapa gogorra igoz.

Hortik Zorrolako zubiraino, ia dena malda behera da, bertan, garai batean Artikutzatik Pasaiako Portura zihoan Zorrola trenbideko bideari heldu eta hura jarraituz.

Trenbidea alde batera utziz, Urzelaietako Urtegiraino joango da aspaldiko ubidetik barrena, hasiera batean malda gora eta ondoren, behin ubidea hartzean, bidexka lau batetik.

Hori bukatzean, lasterketako maldarik gogorrena iritsiko da, Urzelaieta eta Berin Berri baserria lotzen dituena. Bertatik, beste malda bati heldu eta Plitasoroko lepora ailegatuko da.

Oieleku pagadi dotorea

Hortik, Oielekura joango da, oiar-tzuar eta oiartzuar ez diren makina bat jendek ezagutzen duen pagadi dotorean dagoen borda famaturaino. Inguru hori, gainera, lasterketako punturik altuena da, bere itsas mailaz gaindiko 600metro inguruekin.

Bertan, Euskal Herriko aztarna prehistoriko nabarmenenetako bat dago, Oiartzunen dauden 57 mairubaratzetatik ezagunena, Mairu pertsonaia mitologikoak jarritako harriak direla diotenak.

Gero datorren ia guztia malda behera da: Arritxurietako aztarna megalitikoetatik pasa, Pullegi mendiaren azpiko ur deposituraino joan eta handik, berriro ere, Pagoalde industria gunera jaitsi eta berehala helmugara iristeko.

Izena ematea

Izena ematea martxoaren 15ean ireki zen eta 12 euroren truke egin daiteke. Ekainaren 12ra arte eman ahal izango da izena, non eta lehenago ez den 200 parte hartzaileko muga betetzen.

Korrikalari guztiei emango zaien kamisetaren neurria 3 aste lehenago arte aukeratu ahal izango da, hau da, maiatzaren 25a arte. Egun horretatik aurrera izen emandakoei ez diegu ziurtatzen aukeratutako neurria izango dutenik.

Izen-emateen muga bete ezean, lasterketa egunean bertan ere izena eman ahal izango da, kasu horretan 15 euroren truke.

Informazio gehiago intxixutrailoiartzun.wordpress.com webgunean aurki daiteke.

Fotos

Vídeos