Ipuingile katalanen lehen euskarazko antologia: 'Hobe kontatzen ez badidazu'

Quin Monzó, Inma Monsó, Empar Moliner, Sergi Pàmies eta Francesc Serés-en hamalau ipuin dakartza Pasazaite etxearen bilduma horrek

FELIX IBARGUTXIZARAUTZ.
Gerardo Markuleta, Francesc Serés eta Aritz Galarraga, Zarauzko 'Garoa' liburu-dendan. ::
                             LOBO ALTUNA/
Gerardo Markuleta, Francesc Serés eta Aritz Galarraga, Zarauzko 'Garoa' liburu-dendan. :: LOBO ALTUNA

Ipuingile katalanen lehenbiziko euskarazko antologia plazaratu du Pasazaite argitaletxeak: 'Hobe kontatzen ez badidazu'. Aritz Galarragak aukeratu ditu lanak, eta Gerardo Markuletak euskaratu. Bost idazle hauen hamalau ipuin dakartza argitalpenak: Quim Monzó (Bartzelona, 1952 ), Inma Monsó (Lleida, 1959), Sergi Pàmies (Paris, 1960), Empar Moliner (Santa Eulàlia de Ronçana, 1966) eta Francesc Serés (Saidí, 1972).

Era askotako gaiak ukitzen dituzte ipuingileok, eta estiloak ere askotarikoak dira: supermerkatu batean Virginia Woolf ikusi uste duen morroia, abortatu zain dagoen telebista aurkezle nerabea, Michelin izar bat bai baina bezerorik ez duen jatetxea... Bildumaren izenburuari dagokionez, izen bereko ipuina du publikatua Inma Monsók.

Herenegun aurkeztu zuten liburua, Zarauzko 'Garoa' liburu-dendan, eta bertan zen ipuingileetako bar, Frances Serés. Antologiaren arduraduna, Aritz Galarraga, honela mintzatu zen: «Ez da harritzekoa antologia hau ipuin-antologia izatea, Katalunian asko eta ongi landu baita genero hau. Euskal Herrian ere bai, baina esango nuke ipuina ez dela han bezain herrikoia. Nolako ipuinak dituen antologia honek? Ipuin urbanoak dira -eta alde horretatik Serés da beharbada salbuespen bakarra-. Gaurkotasun handikoak dira, gure garaiaz mintzo dira. Lanak hautatzeko garaian, irizpide nagusia hau izan da: ipuin ona izatea. Ez da antologia akademikoa. Ez diet kuotei erreparatu, eta azkenean hiru gizonezko eta bi emakume atera zaizkit, Bartzelona hiriburukoak bi lagun dira, eta Aragoiko bat ere bada, Serés...».

Aritz Galarraga orain dela zortzi urte aldatu zen Kataluniara, ikasketak zirela medio, eta hasiera beretik ekin zion katalanezko literatura irakurtzeari. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan jardun izan da, euskara eta euskal kulturaren irakasle. Herenegungo aurkezpenean aitortu zuenez, bere heziketa sentimentalean garrantzi handia izan du 'Gauza guztien zergatia' liburuak, Quim Monzóren ipuin-bilduma, alegia, Luis Berrizbeitiak euskaratua.

Gerardo Markuleta itzultzaileak hau esan zuen: «Goxokia izan da lan hau. Eta Pasazaite argitaletxearekin lan egitea ere... goxokia. Lan erraza izan da, ez dira ipuin dialektalak, ez dira erruralak... Zuzenak dira, bihotzera eta burmuinera zuzen doazen horietakoak. Ustekabez ustekabe egindako bidaia izan da, eta irakurlearen-tzat ere hala izango delakoan nago».

Frances Serés-en hiru ipuin irakur daitezke 'Hobe kontatzen ez badidazu' bilduma honetan: 'Lasterketa', 'Jaiaren amaiera' eta 'Askatasuna, berdintasuna, anaitasuna'. Zarauzko aurkezpenean bere jatorrian ezagututako giroa azpimarratu zuen idazle honek. Jaioterria -Saidí izeneko herria, gazteleraz Zaidín- Huescan dago, baina katalanez egiten da bertan. «Aldaketa handia izan zen Bartzelonara aldatu nintzenean Arte Ederrak ikastera. Nire herrian seiehun argeliar bizi ziren, fruta-bilketara dedikatzen zirenak», adierazi zuen.

Kezka sozial nabarmeneko idazlea da Serés, eta uste du Kataluniako ipuingintza, oro har, norabide hori hartzen hasia dela: «Ni hasi nintzenean, bazeuden idazle batzuk gin-tonicaren distirari buruz idazten zutenak. Dena oso guai zen. Sergi Pàmies ez da independentista, baina orain ukitu egin beharko du gai hori ere bere literaturan, bestela bere narrazioak ez dira sinesgarriak izango».

Fotos

Vídeos