Hizkuntza eta lurraldearen arteko harremana aztergai

Donostian hilaren 16 eta 17an egingo diren jardunaldietan parte hartzeko UEU.org gunean eman behar da izena

N. AZURMENDIDONOSTIA.

Hirigintzaz, ekonomiaz eta lurzoruaren erabileraz harago doa lurralde-antolakuntza, askoz zabalagoa baita haren eragina. Besteak beste, hizkuntzei eta hizkuntza-aldaketei eragiten die. Ikuspegi hori berri samarra izan arren, bi elementuen arteko harremana ez da zalantzan jartzen.

Badago, ordea, non sakondu, eta asmo horrekin antolatu dituzte 'Hizkuntza eta Lurraldea. Lurraldea eta Hizkuntza' jardunaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEMAK, Kontseiluak eta UEUk. Topaketak Donostian egingo dira hilaren 16 eta 17an, UPV/EHUren Carlos Santamaria zentroan. Ostegunean goiz eta arratsaldeko saioak egingo dira, eta ostiralean goizez jardungo dira soilik. Matrikula doan bada ere, jardunaldietan parte hartzeko ezinbestekoa da aurretik izena ematea. Izena emateko orria prest du honezkero Udako Euskal Unibertsitateak www.ueu.org gunean. Bertan dituzte xehetasunak eta egitaraua.

Arnasguneen garrantzia

Aldundiaren, UEMAren, Kontseiluaren eta UEUren lankidetza baitan antolatu diren jardunaldien aurkezpenean «euskaraz bizi ahal izateko baldintzak sortu eta bitartekoak jarri nahi baditugu, aspektu sozial guztiak hartu behar ditugu kontuan, geografia barne» azaldu zuen zuen Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendariak.

Eta badira euskal geografian, Gipuzkoakoan nagusiki, euskaraz bizitzeko baldintza apartak dituzten herriak. UEMAko lehendakari Maren Berastegik zehaztu zuenez, biztanleen %70 baino gehiagok euskaraz dakien 143 udalerri daude Euskal Herrian, horietako 71 UEMAko kideak. Guztira 300.000 biztanle dituzten udalerri horiek «funtzio garrantzitsua dute euskararen geroan», euskararen arnasgune izatea alegia. «Jardunaldi hauek garrantzitsuak dira guretzat, lurralde antolaketak arnasguneei dakarkien arriskuak eta aukerak ere aurreikusi ahal izango ditugu eta», esan zuen.

«Euskaldunen metaketa demografikoa jazotzen den guneei» buruz mintzatu zen halaber Paul Bilbao Kontseiluko Idazkari Nagusia, gogora ekarriz «eragin linguistiko arras ezberdina» duela «hiri handi batean mila etxebizitza berri eraikitzeak edo euskararen arnasgune den herri txiki batean berrehun etxe berri egiteak». Zenbait herritan hasiak dira nozitzen harreman horren eragin kaltegarriak.

Neurri egokiak hartzen badira onuragarriak ere izan daitezkeenez, «kalteak murrizteko eta onurak areagotzeko» ezinbestekoak dira azterketa eta gogoeta, Unai Fernandez de Betoño arkitektoak, UEUko zuzendaritzakide eta UPV/EHUko irakasleak azpiamarratu zuen moduan. Jardunaldiek izango dute alderdi teorikoa, baina esperientzia praktikoak ezagutzeari ere garrantzi handia emango zaio. Euskal Herrikoak (Zerain, Senpere, Busturia...) zein kanpokoak izan, jardunaldietan Finlandian egon arren suedieraren arnasgune diren Aland uharteetako, Galeseko eta Flandriako ordezkariek parte hartuko dutelarik.

Fotos

Vídeos