Hondakinen gaia landu dute Antoniano eskolako ikasleek

Zarauzko Antoniano eskolako ikasleek hondakinen gaia landu dute tailer batzuen bidez. Tailer hauek, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek dinamizatu dituzte eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kristau Eskolak eta Ikastolen Elkarteak sinaturiko Zero Zabor Eskolak hitzarmenaren baitan kokatu dira.

Ospatu diren tailerretan, lehenengoa Zero Zabor Hamaiketakoa zuen izena eta bertan neska-mutikoak hondakinen kudeaketaz aritu dira, prebentziorako diren 3 B-ak landuz: Beheratu, Berrerabili eta Birziklatu. Horren ondoren, 4. B bat egin dute: euren ohiturak Birpentsatu, eguneroko bizitzan hondakin gutxiago nola sor dezaketen proposatuz.

Bigarren tailerra, Hor-Konpost!, konpostari buruzko monografikoa izan da. Bertan, materia organikoa zer den, konpostagailura zer bota eta konpost egokia lortzeko berau nola zaindu ikasteaz gain, eskolan konposta egiteko aukera eman zaie.

Tailerretan metodologia aktiboak eta parte-hartzaileak erabili dira, ikaslearengan fokatuak eta konpetentzietan oinarrituak, elkartasuna, lankidetza, pentsamendu kritikoa, ekintzailetasuna eta konpromisoa landuz.