Ehunka 'txio' euskal ikerlari gazteen lanak eta egitasmoak gizarteratzeko

N. AZURMENDIDONOSTIA.
Ehunka 'txio' euskal ikerlari gazteen lanak eta egitasmoak gizarteratzeko

Zientzia ez dabil egunotan unerik gozoenetan, baina euskal ikerlarien harrobia sasoi betean dagoela erakutsi zuen atzo, 9:00etatik 21:00etara, UEUk unibertsitatea.net atariaren eskutik antolatutako twitter bidezko lehiaketa. Alor desberdinetako ikerlarien lanak gizarteratzea eta jendeari hurbiltzea zen lehiaketaren helburua, eta horren mekanika parte-hartzaile gehienen lanak baino askoz ere sinpleagoa: bakoitzak sei mezutan aurkeztu behar zuen bere tesia, 2011-2013 urte bitartean aurkeztua. Txiolari guztien artean, eskarmentu handiko epai-mahai batek bi sarituko ditu, ulergarriena eta originalena, eta datorren astelehenean banatuko dira sariak.

Aukera zabala izango dute epaileek, antolatzaileek espero baino handiagoa izan baita partaidetza. «Goizeko bederatzietan hasi zen lehiaketa, eta segituan bazeuden 15 mezu». Bazkalondorako 50 inguru ikerlari zebiltzan zegozkien sei txioak ondo dosifikatzen. Fisika, genetika, kazetaritza, psikologia, kimika, soziologia... Eta jakintzaren alor gehienak ordezkatzen zituzten txioen artean, ekimena hurbiltetik jarraitzen ari ziren hainbat tuitlariren ohar eta ekarpenak. «Teorian gazteak azalean geratzen dira Internet erabiltzean.Harremanetarako, jolasteko eta denbora pasatzeko erabiltzen dituzte», zioen tesi bati atxikitako txioetako batek. Atzo, alegia, #txiotesia ekimenak praktikan frogatu zuen hori teoria hutsa dela.

Ikerlari talde zabal bati aparteko ikusgarritasuna eman zion ekimenaren zeharreko xedeetako bat euskarazko tesiak aurkitzea zen, Tesiker egitasmoak «euskarazko tesi bila gabiltza» mezuan ezin argiago azaldu bezala. Zeren eta, ahalegin handiak egiten badira ere, gutxi baitira oraindik. 1996an aurrenekoa aurkeztu zenetik, 448 egin eta defenditu dira euskaraz. Lehiaketarako zedarritu den epean, 82 eukarazko tesi aurkeztu dira, guztizkoaren %8 inguru.

Fotos

Vídeos