«Irakaslea tutorea da e-learningean, ikaslea izan behar da protagonista»

Informatikari eta irakaslea denak, irakasteko modu berriei buruz hitz egin zuen atzo Markeskuan

FÉLIX MORQUECHOEIBAR.
«Irakaslea tutorea da e-learningean, ikaslea izan behar da protagonista»

Udako Euskal Unibertsitateak 2013/2014 ikastaroari ongietorria eman zion atzo. Udazkeneko ikastaroen eskaintzan, erdiak on-line moduan jorratuko dira. Ikasteko eredu berriei buruz hitz egiteko kurtso irekierako ekitaldian egon zen Iratxe Esnaola, Deustuko Unibertsitateko irakaslea. Erronka teknologiko eta pedagogikoari buruz hitzaldia eman zuen.

Betiko metodoetatik, e-learningera. Zein fasetan gaude?

Kontuan hartu behar dira bi gauza, batetik maila teknologikoa eta bestetik maila akademiko edo pedagogikoa. Maila teknologikoan, denbora da prestatuta gaudela. 80ko hamarkadatik existitzen dira urruneko ikaskuntza zentruak, ez da zerbait berria. Egia da gaur egun mundu guztia bizi dela ordenagailu pertsonal batekin, eta badirudi e-learning konzeptua berria dela, baina berez ez da berria. Orduan, teknologikoki aspaldi gaude prestatuak eta gaur egun tresna pila bat euskaraz ere badaude. Prestatuta gaude, ez teknikoki bakarrik, baita hizkuntza aldetik ere.

Orduan?

Beste gauza bat da teknologia hori benetan aplikatzen den aplikatu behar den moduan edo ez. Teknologia horiek guk distantziara ikasteko prestatuak daude, beraz ikasteko tresnak dira. Baina erabili behar dira enfoke pedagogiko egoki batekin. Alegia, tresnak bakarrik ez du ezer egiten zuk egiten ez baduzu, ikasleak eta irakasleak ez badute ondo eramaten. Nire iritzi apalean, teknologikoki noski gaudela prestatuak. Gure ingurunean, unibertsitate guztiek dute horrelako bat, nahiz eta beharbada on-line eskain-tzarik ez izan. Ni irakaslea naiz Deustuko Unibertsitatean eta presen-tzialki ematen ditut klaseak baina erabiltzen dut horrelako plataforma bat. Orduan, teknologia denok daukagu baina beste gauza bat izango litzateke esatea pedagogikoki ondo erabiltzen dugun ala ez. Nik uste dut ondo erabiltzetik urrun gaudela. Gauza bera gertatzen da abidibez Eskola 2.0 programarekin. Eskola 2.0ren helburua zen teknologiak eramatea eskoletara, baina prestatuta zegoen ikaslea? Prestatuta zegoen irakaslea hori ondo aplikatzeko? Arlo teknologikoan ondo baina bestean pixka bat hobetzeko daukagu.

Hasiera batean begi guztiak informatikoetan jartzen ziren, baina irakaskuntza metodo hauek esparru guztietara ailegatuko dira.

Bai, adituek diote bi fase daudela. Lehenengo fasea izaten da ezarpen teknologikoarena, eta bigarrena izaten da teknologia horren integrazio pedagogikoarena. Orduan ematen du beti dena dela teknologia. Guri ere, irakasle bezala ematen dizkiguten kurtsoak izaten dira teknikoki nola erabiltzeko, baina niri ez didate esplikatzen pedagogikoki nola erabili. Beti pentsatzen dugu ezagutza teknikoak behar direla baina gero jakin behar dugu pedagogikoki nola integratu. Bigarren fase hori falta zaigu.

Argi dago irakasleek beste modubatera prestatu behar dituztela beren ikasgaiak. Eta ikasleek

Bai, irakaslearentzat behar berriak sortzen dira, konpetentzia berriak. Ikasteko modu berriak sortzen dira eta prestatuta egon behar da beste modu batera egiteko. Kontua da ikasleak ere, e-learningari buruz ari garenean, eta distantziaz ari garenean, beste modu batera funtzionatu behar duela. Gauza bat da presentzialki klasera joatea, baina distantziaz egiten dugunean ikasleak autonomoa izan behar du, diziplina haundia eduki, bere denbora antolatzeko gaitasuna behar du... Zerbaitegatik gaur egun 18 urtekoek ez dute e-learninga aukeratzen. Ez daude prestatuak momentu horretan, gaur egun. Hori nahiko bagenu prestatu beharko ginateke bereziki. Horregatik e-learningak arrakasta du 35 urteko jendearekin, lanean dagoen jendea da, independientea da, autonomoa da, badaki bere denbora antolatzen. Horiekin funtzionatzen du.

Heldutasun kontua da?

Heldutasuna agian ez da. Eskoletan ez diete erakusten autonomoa izaten. Nire gurasoak ez ziren autonomoak izateko ibili eskolan, niri ere ez zidaten erakutsi... Gaur egun metodologiak aldatzen ari dira, baina unibertsitatera datozenean irakaslearekiko dependienteak dira. Orduan, distantziara ikasteko horrek ezin du existitu. Distantzian ikasi nahi badu, ikasleak ere behar ditu gaitasun batzuk. Gaur gaurkoz, nire ustez hezkuntza sistemak gaitasun horiek ez ditu ematen eta horregatik 18 urtekoei ez zaie okurri-tzen e-learningean sartzea, gerora egiten duten aukeraketa da. Beste ikasketa modu bat da eta bestela konpetentziak behar dituzte, bai irakasleak baitata ikasleak ere.

UEUk antolatzen dituen ikastaroak, motzak eta profesionaleei zuzenduak izaten dira. Bertan aplikazioa dute metodo hauek?

Balio du bai ikastaro motzetarako, bai graduetarako. Funtzionatzeko plataformak behar ditu, irakaslea tutorea da e-learningean, ikaslea izan behar da protagonista. Guk ezagutzen ditugun rol horiek aldatzen dira. Ohituta gaude unibertsitatean irakaslea protagonista izatera, aditua, dena daki... Distantzian nik internet bidez jaso behar ditut gauzak, baina interneten bertan daukat irakasleak kontatu behar didana eta gehiago. Berez ez dut irakaslea behar hortaz ikasteko, behar dudana da irakaslea esateko «hemendikan joan behar duzu, ariketa honekin egingo duzu hau...», gidaritza hori behar duzu. E-learningak dauzka ezaugarri batzuk aplikagarriak direnak lau urteko gradu batentzat ere, baina ez edozein adinetan gaur gaurkoz.

Fotos

Vídeos