'Asterix eta piktoak', aro berri bateko lehenengo albuma

Gidoilari eta marrazkilari berri batzuekin osatu da albuma, eta abenturak Eskozian daude kokatuta

FELIX IBARGUTXIDONOSTIA.
Usua Lasa./
Usua Lasa.

Gaur plazaratuko da Asterixen album berria, lehenbizikoa Uderzo eta Goscinnyren sinadura ez dakarrena. Eskozian kokatua dago eta 'Asterix eta piktoak' du izenburu. Izan ere, erromatarrek halaxe deitu zieten hango gizataldeei. «Gizaki margotuak» nahi du esan.

Mundu mailako kaleratzea izango da gaurko hau. Batera hainbat hizkuntzatan aterako da. Eta baita euskaraz ere, Bruño argitaletxearen bitartez. 48 orrialdeko albuma izango da eta 12,90 euroan jarriko da salgai.

Jakina denez, Goscinny gidoilaria 1977an hil zen eta harrezkero Uderzo marrazkilariak egin zituen lan guztiak. Baina kritikariek esan dutenez, Goscinnyren hu-tsunea gehitxo nabarmendu zen.

Oraingo gidoilari eta marrazkilaria guztiz berriak dira, eta biak Frantzian jaioak 1959an, hain zuzen ere Asterixen lehenbiziko abenturak publikatutako urte berean. Gidoilaria Jean-Yves Ferri dugu, oso-oso gazterik hasitakoa komikiginztan, lehenbiziko albuma -'Les Fables Autonomes'- 1996an plazaratu zuelarik. Marrazkilaria, berriz, Didier Conrad da, aspaldi Espainia mailan nahiko ezaguna egin zena 'Los innombrables' bildumari esker. Estatu Batuetan bizi zelarik 'Kid Lucky' bildumari eman zion hasiera, non kontatzen baitzuen Lucky Luke komiki-protagonista ezagunaren haurtzaroa.

Gidoilaria eta marrazkilaria berriak dira, baina muina ez da askorik aldatu. Protagonista asko eta asko lehengo berak dira, eta marrazkien itxura ere beste hainbeste. Ferri eta Conradek eutsi egin diote urteetan mamimutako estiloa- ri.

Bakun enpresako kide batek, Usoa Lasak, egin du itzulpena. Ez omen da lan erraza izan: «Asterixen beste istorioak bezala, hau ere nahiko zaila izan da euskaratzeko. Badakigu erreferen-tzia kultural bereziak egoten direla, hitz-jokoak eta beste berezitasun batzuk. Askotan, itzuli beharrean, egokitu egin behar duzu, eta sortu ere bai. Batzuetan onik ateratzen zara, besteetan piska bat galdu egiten da», adierazi digu Lasak.

Orain dela urte batzuk, Asterixen 50 urteak zirela-eta plazaratu zen 'Urrezko liburua' albuma ere Bakun enpresak euskaratu zuen. Orduko hartan Joseba Ossa eta Usoa Lasa jardun ziren. Eta aspaldiko album batzuen berrargitalpenak etorri direnetan ere bi lagunok aritu izan dira.

Jakina denez, 'Asteriz galiarra' izan zen lehenbiziko albuma. Baina albuma baino lehenago, zatika plazaratu zen istorio hori 'Pilote' aldizkarian, 1959an.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos