Aitor Osak bereganatu zuen Endoiako lehenengo mendi lasterketa

93 kirolarik lortu zuten 8,6 kilometroko proba bukatzea

ION FERNÁNDEZDEBA.
Parte hartzaileak probaren hasieran Endoiatik aterata. ::
                             ANDER SALEGI/
Parte hartzaileak probaren hasieran Endoiatik aterata. :: ANDER SALEGI

Endoiako Mendi Lasterketa dagoeneko badauka bere lehenengo irabazlea. Aitor Osa debarra izan zen txapelduna eta emakumeen artean Uxoa Irigoien getariarra izan zen garailea. Jardunaldi polita izan zen igandekoa. Eguraldi oso ona, eguzkitsua, egin zuen eta leku askotatik etorritako kirolariek parte hartu zuten Auzoko Elkarteak antolatutako ekintzan.

Guztira, 93 korrikalarik parte hartu zuten mendi lasterketan. Hauek 8,6 kilometrko proba bukatzea lortu zuten. Herri askotatik etorritako bizilagunak animatu ziren parte hartzera, gehienak, gipuzkoarrak. Hondarribia, Zestoa, Zarautz, Bergara edo Eibartik hurbildu ziren, baina hauetaz gain Alabatik, Bizkaiatik eta Nafarrotik ere Endoian izan ziren korrika egiteko.

Aitor Osa izan zen egun honetan Endoaiko probaren txapelduna. Itziartarrak lortu zuen 40 minutu eta sei segundutan lasterketa bukatzea. Igor Mancisidor debarrak lehenengoa baino bi minutu eta segundu bat gehiago behar izan zituen helmugara ailegatzeko eta bigarren postua bereganatu zuen. Hirugarren lekua Aiako Mikel Iruretagoienarentzat izan zen, zeinek 43 minutu eta 54 segundu eman zituen proba amaitzeko.

Mendi lasterketan hamaika emakumek parte hartu zuten. Hauen artean, Uxoa Irigoien izan zen azkarrena. Getariako korrikalariak 52 minutu eta 55 segundutan proba bukatzea lortu zuen. Ainhoa Lendinez elgoibarkoak bigarren postua eskuratu zuen, 56 minutu eta 36 segunduko marka ezarri ondoren. Halaber, hirugarren tokia, Halasen Iruretarentzat izan zen. Aizarnazabaltik etorri zen eta 57 minutu eta 38 segundu behar izan zituen helmugara iristeko.