Koxme Lizaso bertsolaria hil da, 76 urte zituela

Atzo egin ziren haren aldeko hileta elizkizunak; San Esteban parrokia leporaino bete zen

GOIZARINOIARTZUN.
Koxme Lizaso, eskuinetik lehena, Ozentzioko ermitan. J. J. Mitxelena eta Koxme Lizaso, bertsotan Iturriozko festetan. ::
                             R. LABANDIBAR/
Koxme Lizaso, eskuinetik lehena, Ozentzioko ermitan. J. J. Mitxelena eta Koxme Lizaso, bertsotan Iturriozko festetan. :: R. LABANDIBAR

Koxme Lizaso bertsolari oiartzuarrari azken agurra eman zioten atzo arratsaldean ehunka lagunek. Haren familia eta gertukoez gain, bertsolaritzaren eta kulturaren munduko aurpegi ezagun ugari bildu zen San Esteban parrokian bertsolari oiartzuarrari azken agurra ematera, hala nola: Jokin Sorozabal, Anjel Mari Peñagarikano, Arkaitz Goikoetxea, Karlos Aizpurua, Esteban Martiarena 'Exte', Millan Telleria, Lazaro Azkune, Joan Jose Eizmendi 'Loidisaletxe', Eusebio Igartzabal, Sebastian Lizaso, Jean Louis Harinordoki 'Laka', Martzelino Legorburu, 'Kupela' musika taldeko Anjel Larrañaga eta Imanol Lazkano, besteak beste. Bertsoekin agurtu zuten bertsolaria, izan ere, hainbat bertsolarik bertso bana eskaini zioten oiartzuarrari, eliza leporaino beteta zela. Bertsoekin agurtu zuten bertsolaria, eta hainbat bertsolarik bertso bana eskaini zioten oiartzuarrari, eliza leporaino beteta zela. Koxme Lizaso Lekuona ostegunean hil zen 76 urte zituela, Iturriotz auzoko Oiartzabal Berri baserrian. Zortzi seme-alaben guraso, Kontsuelo Aizpurua iturrioztarra zuen emazte.

1937ko urtarrilaren hamaseian jaio zen Aldabene etxean (Ugaldetxo auzoa); gero, Errenterian bizi izan zen luzez. Aspaldian, berriz, Iturrioz auzoko Oiartzabal Berri baserriko nagusia zen eta hantxe bizi zen bere familiarekin. Lanbidez baserritarra izanik, baserriko lanen ezagutza handia zuen eta jakintza hori erakustea ere gustukoa zuen. Gainera, Oiartzungo San Isidro kooperatibako presidentea izan zen. Bestalde, euskararekiko ere kontzientzia handia zuen, euskararen zuzentasunaz eta transmisioaz ardura erakutsi zuen.

Haurtzaro Ikastolarekin lokera estua izan zuen, guraso modura. Oiartzungo herriaren zerbitzuan ere aritu zen Koxme Lizaso. Zinegotzia izan zen, Oiartzungo korporazioko partaide, 1987-1991eko legegintzaldian.

Errenterian bertsotan

Bertsotan 50eko hamarkadan hasi eta hurrengo hamarkadetan zehar plazaz plaza ibili zen kantuan. Haren bertso-lagun Jose Joakin Mitxelena eta 'Lexoti' oiartzuarrak izan ziren. Gero, beste bertsolariekin ere sarritan jardun zuen, hala nola: 'Uztapide', Manuel Lasarte, 'Lazkao Txiki', Txomin Garmendia, Eusebio Igartzabal eta Imanol Lazkano, besteak beste. Bertso jartzaile ere aritu zen.

Lehen aldiz 1954an aritu zen Koxme Lizaso bertsotan, Errenteriako Goiko kalean 17 urte zituela. «San Agustinetan aritu ginen, altabozik eta ezer gabe. Balkoi batetik nik kantatu eta Pello Zabaleta defuntuak beste batetik erantzun» gogoratzen zuen egun hura Lizasok. Gipuzkoako bertso txapelketan parte hartu zuen bertsolari oiartzuarrak hainbat urtetan, hala nola: 1962an, final aurrera iritsi zen; 1964an eta 1966-67an, finalista izan zen. Txapelketa nagusian bitan aurkeztu zen ere: 1980an, final aurrekora iritsi zen; 1982an, azken laurdenera. Azkenik, 1985ean Gipuzkoako kanporaketan parte hartu zuen. Bertsolari ibilbidean, berriz, Loiola irratiko saria eta Zepai saria eskuratu zituen Koxme Lizasok.

Koplak kantari Errenterian

Errenteriako Ereintza elkartearekin urtero-urtero Santa Ageda bezperan eta Urte Zaharretan koplak kantari ibiltzen zen bertsolari oiartzuarra. Oso estimatua zen eta aurten errekonozimendua egin zioten Ereintza elkarteko kideek. Bestalde, 'Oarso' aldizkarian idatzi zituen hainbat artikulu.

Auspoa liburu-bilduman 'Jose Joakin Mitxelena gogoan' liburua topatuko dugu, Koxme Lizasok idatzia eta 1998an argitara emana. Hantxe irakurri daiteke Antonio Zabalak orduan liburuaren bukaeran idatzi zuena: «Honek, bere herriko euskara bizi eta jatorraren bidez, lagun zenaren gertaerak, bertsoak, ibilerak eta ateraldiak kontatzen dizkigu, hura zer zen dotore adieraziz. Denbora berean, bertsolaritzaren gizaldi baten berri ematen digu, eta bai Oiartzungo herria oraintsu arte zer izan dan azaldu ere».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos