Ekitaldiz jositako Baserritar eguna gaur

Xanistebanetako egun handia ospatu zen atzo Oiartzunen. Gaur baserritarrak izango dira protagonistak

GOIZARINOIARTZUN.
Ekitaldiz jositako Baserritar eguna gaur

Oiartzungo Xanistebanak aurrera doaz eta atzokoan, abuztuak 3, oiartzuarrek haien egun handia ospatu zuten. Goizeko eguraldi apartarekin herritar ugari bildu zen Herri Meza Nagusian, Doneztebe parrokian. Zaindariaren eguneko meza Joakin Mitxelena oiartzuarrak zuzendua izan zen, Lartaungo eta Parrokiako abesbatzaren laguntzarekin. Organo-jotzailea, beste behin ere, Begoña Bergaretxe oiartzuarra izan zen.

Goizean zehar, meza nagusiaz gain, Lartaun txistulari taldearen kontzertu herrikoia izan zen Kon-tzejupean. Jendez gainezka zegoen eta bertan parte hartu zuten, besteak beste, Oiartzun, Donostia, Bidasoa eta Buruntzaldeko txistulariek, Lartaun abesbatzak, Haizea Muñoz eta Iker Casares abeslariek eta Aiert Beobide dantzariak Aitor Arozena zuzendaritzapean. Jotarauak bi efemeride aipagarri izan zituen, hala nola, Raimundo Sarriegiren heriotzaren mendeurrena eta Donostiako 1813.eko gertakarien 2. mendeurrena. Txalo zaparrada ederra jaso zuten guztiek entzuleen aldetik.

Garai bertsuan, Beheko plazan, herriko ttikiek zezen txiki eta poniekin gozatu ahal izan zuten.

Eguerdian, berriz, Pasakako II. Herri txapelketako finalean Hernaniko bikotea nagusitu zen Zabala-Nazabal bikote oiartzuarraren aurka jokatutako partidan.

Arratsaldean kirolak hartu zuen protagonismo handiena. Kontuan hartu auzoen arteko sokatira, haurren eta herri krosa, joko garbi eta pilota partidak ikusteko parada izan zutela oiartzuarrek. Olinpiar Jokoak Oiartzunen ospatzen ari zirela zirudien, bai horixe! Eta egunari amaiera jatorra emateko, kontzertu saioa. Aspertzeko aukerarik gabe, inondik ere.

Ekitaldiz jositakoe guna

Gaur, Oiartzunen, Xanisteban bigarren eguna denez eta aitzinako usadioari jarraituz, bereiziki Baserritar Eguna ospatuko da egitarau zabalaren baitan: Idi Dema, Zaharren egoitzarako bisitaldia, hazien tailerra, Oiartzungo produktu ekologikoen azoka, pintxo lehiaketa, bazkari goxoa herriko erretiratuen-tzat. Denetik izango da; hortaz, era guztietako ekitaldiez gozatzeko aukera izango dute oiartzuarrek.

Hazien tailerra Arraztalorekin

Arraztalo Elkarteak azken bi urteotan bezalaxe, aurten ere barazki postua jarriko du Killirikupen, Baserritar Egunean. Oiartzungoak, garaikoak eta ekologikoak diren barazkien salmentaz gain, bertako beste produktuak ere erosi ahal izango dira, hala nola: gazta, ogia, sagardoa, galletak eta etxean prestatutako bestelako jakiak ere (patata-tortillak, gazta-tartak, pintxoak, torradak...). Azoka zabalik izango da 11:30etik 13:30era.

Horrez gain, ekintza berri bat ere antolatuko du kontsumo-taldea gaur, goizeko 11:00etatik aurrera: Hazien tailerra. Haurrentzako txoko berezia prestatuko dute, eta bertan haziak landatzeko aukera izango dute. Helduentzat ere, informazio-panelak jarriko dituzte Hazien Sareakoek.

«Haurren txokora etortzera animatzen zaituztegu, bertako barazkien kontsumo eta elikaduraz jabetzen has daitezen gure seme-alabak, beti ere jai giroan, ongi paseaz eta baloratuz nekazarien lana» adierazi dute Arraztalo elkarteko partaideek. Bertako haziei buruz interesa dutenek ere aukera izango dute informazio-gunean parte hartzeko.

Bukatzeko, ezin da ahaztu, ekimen honetan gaixotasun psikikoa duten pertsonei laguntzea dela elkartearen funtzioa, irabazi asmorik gabeko elkartea. Lortutako diru-iturri guztiak, herritarrek utzitako bara-tzetan lan egiten duten eta gaixotasuna duten pertsonen soldata ordain-tzeko baita, ekologia eta gizarte integrazioa txertatuz. «Animo eta etor zaitezte igandean plazara! Gora Xanistebanak!» oihukatuz agurtu dira.