Galeanoren 'Ispiluak' atera du Txalapartak, Xabier Alegriak kartzelan euskaratuta

«Editatzeko garaian zailtasun gehien eman digun liburua da hauxe», esan zuen Mikel Soto editoreak atzoko aurkezpenean

FELIX IBARGUTXIDONOSTIA.

Eduardo Galeanoren (Montevideo, 1940) 'Ispiluak' liburua plazaratu du Txalaparta etxeak. Munduaren historiari buruzko halako entziklopedia txiki bat da, hainbat atal txikiz osatua. Adan eta Ebarekin hasten da, gero faraoiei buruzko txatal batzuk datoz; ondoren, Erroma eta Grezia klasikokoak, Erdi Arokoak, Frantziako Iraultzari buruzkoak, Bertold Brech eta Maradonaren gainekoak...

«Editatzeko garaian zailtasun gehien eman digun liburua da hauxe -esan zuen Mikel Soto editoreak atzoko aurkezpenean-. Xabier Alegriak eskuz itzultzen zituen testuak, zatika, kartzelan. Gero etxekoek transkribatzen zioten, eta Joxe Austin Arrietak orrazten. Nahiko desesperantea izan da». 2005ean hasi zen itzulpen lana.

Joxe Austin Arrieta itzultzaileak zerikusi asko izan du liburu honekin. Zenbait urtetan zehar, berak zuzendu dio lana Xabier Alegriari. Hau, berriz, aspalditik dago preso, Puerto de Santamaria III-n. HBko buruzagia izan zen, eta Udabiltzakoa ere bai.

«Nahiz eta Puerto de Santa Marian wi-firik ez egon, eta ezin on-lineko hiztegirik kontsultatu, itzulpen ederra egin du Xabierrek -adierazi zuen Joxe Austin Arrietak atzokoan-. Sekula ez dut jatorrizkoarekin konparatu behar izan. Ez zen itzulpen erraza, hala ere. Eta, harri-tzekoa: kaso egin izan dit. Lehen, Xabier Alegria ezaguna nuen. Eta orain, laguna».

Eta 'Txalaparta' aldizkarirako beste hau idatzi du Arrietak: «Galeanori buruz ez daukat ezer berezirik esatekorik. Zera bakarrik, liburu interesgarria dela honako hau ere, autore beraren beste hainbat bezalaxe: bitamina mental onuragarria, tratamendu homeopatiko egokia, zenbateraino kutsatuta gauzkan sarriegi ahazten zaigun ideologia nagusiaren iruzur-minbizizko itomenetik apur bat bada ere oxigena gaitezen . Eta jabe gaitezen 'Historia' eta 'Kultura', letra larriz idatzi ohi diren Hiper Abstrakzio horiek, berez, ez direla ezer, edo, hobeki esanda, 'konstrukzio' interesatu batzuk izan ohi direla».

Bestalde, Xabier Alegriak atzoko aurkezpenerako idatzitako testu bat irakurri zuen alaba Garazik. Bertan, politikariak dio anaiak oparituta ezagutu zuela Galeanoren liburu hau eta «Garazirentzako opari izateko gogoz» ekin ziola itzulpen lanari.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos